Lekukoa luzatu du Super Amara BATek
4XMilia errelebo lasterketa berritzailea antolatu du atletismo elkarteak
Oraingoan bai. Lortu dute. Goia jotzear dagoen herri lasterketen munduan, benetan berritzailea den proposamena egin du Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak. Errelebo lasterketa antolatu du, herri lasterkarien taldeentzat, enpresentzat, eta federatuentzat. Martxoaren 20an izango da, igande goizean, Irungo hirigunean. Zabaltza plazan egongo dira irteera eta helmuga.
Atletismo federatuko lehia alde batera utzi gabe, herri lasterketen antolaketan murgildu da Super Amara BAT azken urteotan. Eskaintza zabala da, eta hortaz, zaila da nabarmentzeko modua topatzea. Antolatu duen seigarren lasterketarekin, ordea, beste ate bat zabaldu du BATek. “Erabat ezberdina da. Guk antolatutako lasterketekiko, baina inguruan antolatzen diren beste guztiekiko ere bai”, baieztatu du Ibon Muñoz BATeko kirol zuzendariak. Errelebo lasterketa antolatu dute, pistan egiten direnen parekoa, baina errepide gainean. 4XMiliako lasterketa izango da (1.609,344 metro, laukoteko kide bakoitzak).
“Ingalaterran hedatutako distantzia da milia, eta garai batean sona handia izan zuen”
Joseba Sarriegi, BATeko kidea
Distantzia “enblematikoa” aukeratu dutela azaldu du Joseba Sarriegi klubeko kide beteranoak: “Ingalaterran hedatutako distantzia da, eta garai batean sona handia izan zuen. 1964an Roger Bannisterrek lau minutuen muga gainditu zuenean, Everestaren gailurrera iristearekin konparatu izan zuten lorpena”. Sistema dezimala gailentzearekin batera, beste distantzia batzuk nagusitu dira atletismoan. Baina oraindik ere, milia lasterketak antolatzen dituzte leku askotan. Irunen, Gipuzkoako Atletismo Federazioak homologatutako ibilbidea prestatu dute, Colon ibilbidean gora eta behera. Zabaltza plazatik geltokiko zubira joango dira korrikalariak, handik San Juan plazara, eta Zabaltzara buelta, bukatzeko. Lauko taldetan ariko dira parte hartzaileak, eta milia bana egingo du bakoitzak. “Lekukoa pasa beharko diote elkarri”, azpimarratu du Sarriegik.
“Pistako atletismoaren sentsazioak eta emozioa bizi ahal izango dituzte parte hartzaileek”
Ibon Muñoz, BATeko kirol zuzendaria
Hiru kategoria egongo dira. Alde batetik, herri korrikalariena. “Pistako atletismoaren sentsazioak eta emozioa bizi ahal izango dituzte”, adierazi du Ibon Muñozek. Nesken taldeek, mutilen taldeek, edo talde mistoek parte hartu ahal izango dute. Bestetik, enpresei zuzendutako lasterketa egingo dute. Enpresen arteko beste lasterketekiko izango duen aldea nabarmendu du Joseba Sarriegik: “Beste lekuetan ere egin izan dira enpresen lasterketak, baina denak batera irten eta helmugaratu behar izaten dute. Guk erreleboetako formatua planteatzen dugu”. Hirugarren kategoria, atletismo klubetan federatuei zuzendua izango da. 4XMilia erreleboetako Euskadiko Txapelketa egongo da jokoan.
Parte hartuko duten taldeen kopurua handia izan daiteke. Horregatik, hainbat lasterketa egingo dituzte goiz osoan zehar. Izena emateko epea, lasterketaren aurreko asteartean amaituko da, eta asteazkenean, lasterketen ordena eta ordutegia argitaratuko dute antolatzaileek. Gainera, izena ematerakoan, taldeek korrikalarien hurrenkera zehaztu beharko dute, irteerak eta lekuko aldaketak antolatzea errazteko. “Lekukoa pasatzeko aldaketa egiterakoan ordena egon dadin, kolore biziko alfonbra bat jarriko dugu, eta Gipuzkoako Atletismo Federazioko epaileak egongo dira kontrolatzen”, azaldu du Muñozek.
Ohiko zerbitzuak eta izena emateko bideak
Zabaltza plaza izango da lasterketen erdigune, eta han bertan emango dituzte elikagaiak eta edariak. Kontsigna zerbitzua ere eskainiko dute. Lasterketako dutxak eta aldagelak, Artaleku kiroldegian egongo dira. Izena emateko bideak ere ohikoak izango dira: kirolprobak.com eta pb-organisation.com. 28 euro ordaindu beharko ditu talde bakoitzak. Dortsalak eta korrikalarien poltsak martxoaren 18an banatuko dituzte, goizez, Iparralde hiribideko Super Amara supermerkatuan.
15 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute erreleboetako lasterketan. Baina haurrentzat, Igande Sasoi berezia antolatuko du Bidasoa Atletiko Taldeak, egun eta leku berean, Irungo Udalarekin elkarlanean. Atletismoko modalitate ezberdinak landuko dituzte. Horretarako, koltxonetak, hesiak eta bestelako materiala eramango dute. Irungo Udalaz gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak eta Laboral Kutxak babestu dute Super Amara BATek antolatutako lehen errelebo lasterketa.