Lekeition irabazi du Hondarribiak

2015/06/15
Lekeition irabazi du Hondarribiak

Maila handia erakusten ari da Hondarribia Arraun Elkartea aurredenboraldiko azken txanpan. I.go Gure Esku Dago Bandera irabazi zuen igandean Lekeition, San Miguel Ligako aurkari indartsuak mendean hartuta. Hamabi segundoko aldea atera zion Urdaibairi, eta hamalaukoa Kaikuri. San Pedro izan zen laugarren. Lehen bi luzeetan hartu zuen abantaila Hondarribiak, eta eroso mantendu zuen estropadaren bigarren erdian. Denboraldia hasi aurretik, arraunketa fintzea dute helburu bidasoarrek. Julen Castrillon, Asier Puertas, Manex Aldai, Xabier Etxebeste, Ekaitz Aznar, Iñaki Gonzalez, Gonzalo Carrion, Osertz Aldai, Iñigo Vertiz, Iker Marizkurrena, Gari Uranga, Iñigo Jauregi eta Agoitz Irazoki aritu ziren igandean Ama Guadalupekoan. Joseba Amunarriz izan zen patroi. Larunbatean Pasai Donibanen izango dute hurrengo proba. Beste aurkari bat sartuko da lehian: Orio.