LEKAENEAK GOI POSTUETAN JARRAITU NAHI DU

2020/01/28
LEKAENEAK GOI POSTUETAN JARRAITU NAHI DU

Lekaeneako bi taldeek, Espainiako Mahai Tenis Gorengo mailako jardunaldi berri batean Sonia Etxazarreta Kirol Gunean puntu bat behintzat lortu zuten. Gizonezkoek Universidad de Burgosen aurka berdindu zuten eta emakumezkoek, ozta-ozta Reus Ganxets Miro taldea garaitu zuten

Espainiako superligako jardunaldia Sonia Etxazarreta Kirol Gunera bueltatu zen asteburu honetan, eta bi neurketetan Lekaeneak puntu bat eskuratzea lortu zuen behintzat. Emakumezkoen taldeak, zailtasun handiak izan zituen Reus Ganxets Miro talde kataluinarra garaitzeko (4-3) eta gizonezkoen taldea Universidad de Burgosen aurka ezin izan zen berdinketatik pasa (3-3). Hala ere, bi taldeak jardunaldia hasi zuten sailkapeneko postu berean kokaturik daude: emakumezkoak lider izaten jarraitzen dute, eta gizonezkoak bigarrenak dira.

Emakumezkoen taldeari dagokionez, Maria Xiao, Roxana Iamendi eta Jin Zhangek osatzen duten ohiko hirukotea zelairatu zuen Svetlana Skobkina, Olga Bliznet eta Yue Zuoren aurka jokatzeko. Neurketako lehen setean, Maria Xiaok erraz garaitu zuen Skobkina, baina Zuok oso gutxigatik Zhang irabazita partida berdindu zuen. Roxanak oso set borrokatu batean, 3-2 garaitu zuen Bliznet, baina beste behin, talde kataluinarrak markagailua berdintzea lortu zuten. Aurretik ere jarri ziren, izan ere, Zuok Xiao menderatu zuen eta 2-3koa ezarri zuten. Bazirudien jeitsiera postuetan kokatuta dagoen taldeak sorpresa emango zuela Sonia Etxazarreta Kirol Gunean, baina Iamendik eta Zhangek ondo erreakzionatu zuten geratzen ziren bi setak irabazteko eta beste bi puntu Irunen geratzeko.

Bestalde, gizonezkoen taldeak, Endika Diez, Dani Palacios eta Thomas Le Bretonek osatuta, berdinketa besterik ez zuten lortu. Azken hau izan zen lehena jokatzen eta lehen partida 3-2 galdu zuen Cazacuren aurrean. Diezek azkar berdindu zuen neurketa Jorge Ausin garaitu ostean, eta Palaciosek, hau ere bostgarren jokoan, Carlos Caballeroren aurka 2-1ekoa ezarri zuen markgailuan. Berriz ere Cazacuk garaipena erdietsi zuen, kasu honetan Diezen aurka, eta Caballerok Le Breton menderatu zuen 2-3koa ezartzeko. Aukera bakarra zuen Lekaeneak, berdinketa, eta Palaciosek bost jokoko beste set batean, amaierako 3-3a ezartzea lortu zuen.