LEIRE LANDA: “Lehen Mailako talde batzuetan SOS egoeran daude”
Futbolaz gozatzen ari da berriro Leire Landa jokalari irundarra. Zazpi hilabete behar izan ditu belauneko lesio larria atzean uzteko. Lotailu gurutzatua hautsi zuen joan den urteko Erreginaren Kopako finalean. Athletic eta Bartzelona aritu ziren elkarren kontra, Ceutan. Kataluniarrek irabazi zuten, penaltietan, bana berdindu ondoren. Bilboko taldeko jokalaria zen orduan Landa, baina fitxaketa hitzartua zuen kataluniarrekin. Belauna hautsi zuen arren, Bartzelonak kontratua eskaini zion atzelariari. Gogorra izan da denboraldiaren lehen erdia, baina merezi izan du. Ligako txapeldun izan da Leire Landa, eta Munduko Kopa du buruan. Ekainean izango da, Kanadan.
Zer izan da zuretzat Liga irabaztea?
Lorpen handia da. Talde bakoitzean helburu ezberdinak izan ditut. Realean, mailari eustea, Atletico Madrilen, lehen postuetatik gertu ibiltzea, eta Athleticen, Kopako finalera iristea. Bartzelonarekin Liga irabaztea beste urrats bat izan da. Lanaren eta konstantziaren ondorioz lortutako saria.
Nolakoa izan da belauna sendatzeko prozesua?
Kanpotik ikusten dugunean badakigu gogorra dela, baina tokatzen zaizunean, uste baino okerragoa dela konturatzen zara. Egunero joan behar izaten duzu fisioterapeutarengana, ariketak egin behar dituzu… Oso luzea da, eta pausoak txikiak dira. Hala ere, asteak pasa ahala hobetuz zoazela ikusten duzu, eta horrek asko animatzen zaitu. Baina errekuperazio luzea da eta ordu asko eskatzen ditu.
Bartzelonarekin jokatzeaz gain, Espainiako selekzioarekin parte hartzen ere hasi zara. Kanadako Munduko Kopan egoteko ilusioz?
Goxokia hor dago. Egia esan, lehen aldiz Mundialean egotea ametsa izango litzateke. Dena den, momentuz jokatzen disfrutatzea, eta minutuak gehitzea da nire asmoa. Kanadara joateko aukera baldin badut, ikaragarria izango da.
Irungo Txingudi Ikastolan hasi zinen futbolean. Nolatan?
Eskola kirolean izena eman nuen. Ni kirolzale izan naiz beti, eta ez futbolzale bakarrik. Eskubaloian, saskibaloian eta futbolean hasi ginen, eta gustura ibiltzen nintzen. Oso giro polita zegoen, oroitzapen onak ditut. Gero, ikastolako taldekide baten ahizpak Oiartzunen jokatzen zuela eta, hara joatea erabaki genuen.
Minbizia gainditu zenuen txikitan, Burki-tten linfoma. Esperientzia horrek bizitza markatzen du?
Bizitzako beste pasarte bat da. Egia da egunero gogoratzen dudala, baina orain ondo nago eta hori da baloratu behar dudana. Gogorra da, baina nirea istorio polita da, amaiera ona izan du.
Profesionalak salbuespen zarete emakumezkoen futbolean.
Nik zortea daukat talde indartsuetan jokatzeko aukera izan dudalako. Baina Lehen Mailako talde batzuetan SOS egoeran daude. Diru eske ibili behar dute liga bukatzeko. Espainiako klub gehienetan, kaltetuta ateratzen diren lehenak emakumezkoen taldeak dira. Athtletic, Bartzelona edo Atletico Madril eredu dira zentzu horretan.
Anaia handia duzue gizonezkoen futbola. Nola da posible halako desoreka?
Esaten da mutilek sortzen duten dirutza neskek ez dugula inoiz sortuko. Komunikabideek indar handia dute, eta emakumezkoen futbolari arreta gehiago eskainiko baliote errazagoa izango litzateke dena. Klubek ere badute erantzukizuna, baldintza duin batzuk behintzat eskaini behar lituzkete. Dena den, uste dut ni futbolean hasi nintzenetik aurrera egin dugula. Espero dut guk irekitako bidea atzetik datozen neskek aprobetxatu ahal izan dezaten.
Europako herrialde batzuetan emakumeen kirolak badu beste estatus bat. Neska asko atzerrira joan dira, zuk ez al duzu pentsatu?
Noizbait planteatu izan dut, baina orain ez. Duela gutxi errekuperatu naiz, eta behintzat beste urtebetez Bartzelonan gelditzea da nire intentzioa. Hortik aurrera, ez dakit. Gustatuko litzaidake irtetea, emakumeen futbola beste ikuspuntu batetik ezagutzeko. Hala ere, oraingoz ez daukat buruan.
Denboraldi bikaina egin dute Mariñoko neskek. Zein mezu bidaliko zenieke?
Lan egiten jarrai dezatela. Futbola gusta-tzen baldin bazaie, eutsi diezaiotela, eta disfruta dezatela. Lan eginda, sariak etorriko dira.