LEHIAKETA ITZULERA ATSEGINA

2021/04/14
LEHIAKETA ITZULERA ATSEGINA
Zaisa Txingudi Errugbi Kluba 10
7 Veltesca UBR

Atsegina Txingudi Errugbi Klubak garaipena erdietsi zuelako, baina majo sufritu zuten (10-7).

Hilabete baino gehiago zeraman Zaisa Txingudi Errugbi Klubak Plaiaundiko zelaian Euskadiko Senior Ligako neurketa bat jokatu gabe. Atsedenaldiko jardunaldiak eta bertan behera geratutako neurketak medio, kasik bi hilabete itxaron behar izan dute talde bidasotarreko jokalariek txapelketara itzultzeko. Ligaren lehen faseko azkenaurreko neurketa zuten aurrean eta arerioa Veltesca talde bilbotarra zen. Azken jardunaldietako Durangoren eta Gernikaren aurkako porroten ondotik, Zaisa Txingudi Errugbi Klubak garaipena behar-beharrezkoa zuen eta zailtasunak izan bazituzten ere, lau puntuak etxean geratu ziren.

Eguna aurreikusitakoa baino beroagoa izan zen eta zelaia nahiko gogorra zegoela kontuan izanik, jokalarien fisikoa erabakigarria izango zela aurreikus zitekeen. Neurketako lehen minutuak kanpoko taldearentzat izan ziren, lehen hamar minutuetan Zaisa Txingudi Errugbi Klubaren zelaian zentratu zuten jokoa. Dena den, etxekoak bere jokoa hobetzen joan ziren, lehen entseguak gauzatzeko aukerak izan zituzten eta neurketa berdindu zen. Horrela, 28.minutuan talde bidasotarrak zigor-kolpea azkar jokatu zutela baliatu eta eguneko lehen entsegua gauzatu zuen (7-0). Neurketak bere horretan jarraitu zuen eta Veltescak Zaisa Txingudi Errugbi Klubaren entsegu-marratik 5 metrotara izandako melea baliatu zuen entsegua egin eta norgehiagoka 7-7 berdintzeko.

Lehen zatia berdinketarekin hasi zen, baina bigarrena hasi eta jarraian, kanpoko taldea, plakaketa arriskutsua egiteagatik, jokalari bat gutxiagorekin geratu zen. Jokaldi horrek etxeko taldearen aldeko zigor-kolpea erakarri zuen eta honetatik, 10-7 egin zuten. Ugo Poncinik ez zuen jaurtiketan hutsik egin eta baloia zutoinetatik igarotzea erdietsi zuen.

Edonola ere, jokalari bat gehiagorekin jokatzeak dakarren abantaila baliatu ezean, Zaisa Txingudi Errugbi Kluba txikitu eta Veltesca indartu zuen. Bazirudien edozein unetan talde bilbotarrak aurretik jartzeko entsegua lortuko zuela, baina bidastarren defentsa sendo agertu zen eta kanpoko taldearen saiakera guztiak geratu zituzten. 65.minutuan Veltescak neurketa berdintzeko abagune ederra izan zuen; zigor-kolpeko jaurtiketa, ordea, zutoinean jo ondoren kanpora joan zen. Une kritiko horretatik aurrera, Zaisa Txingudi Errugbi Taldea erreakzionatzen hasi zen. Nuerketa bukatzeko 7 minutu geratzen zirenean, Ugo Poncinik zelai erditik zigor-kolpe berria gauzatzeko saiakera egin zuen, baina baloia ez zen zutoinen artetik pasa. Talde bilbotarrak aukera bat gehiago izan zuen neurketa bereganatzeko, baina etxeko taldeak sendo eutsi zion eraso horri ere bai. Bada, neurketa 10-7 bukatu zen Zaisa Txingudi Errugbi Klubaren alde eta 4 puntu berri bereganatu zituen.

Datoren hitzordua aste honetan bertan izango du Iñigo Camarerok zuzentzen duen taldeak. Larunbatean, 16:00etan, Arrasaten jokatuko den neurketarekin Euskadiko Senior Ligako lehen faseari amaiera emango dio talde bidasotarrak. Kanpazar Arrasateren aurka lehiatuko dira eta lehen lau sailkatuen artean bukatu nahi badute, ezinbestean garaipena eskuratu beharko dute.