Lehen zatian egindako lana zapuztu du Bidasoak bigarrenean

2017/05/01
Lehen zatian egindako lana zapuztu du Bidasoak bigarrenean

BIDASOA: Dejanovic, Crowley (4), Beltza, Nonó (6), Odriozola (12), Borragán (3), Lancina (3). Cavero (1), Vázquez, Martínez, Aldaba, Zubiria, Serrano (2), Basaric (1), Azkue (1), Popovic.

CIUDAD ENCANTADA: Vial, Vainstein (6), Ariel (6), Ponciano (9), Nolasco (2), Perovic (4), Sergio López (6). Canyigueral, Mendoza, Hugo López, Vidal (1), Rafael López, Ramírez, Nicolás López.

MARKAGAILUA: 4-3, 7-6, 10-8, 12-9, 15-10, 18-13 (atsedenaldia), 19-17, 21-20, 23-24, 26-28, 30-31, 33-34.

Salbazio matematikoa lortzeko aukera bikaina galdu zuen Bidasoak larunbatean, Cuencako Ciudad Encantadaren aurkakoan. Lehen zatian nagusi izan zen Artalekuko taldea, erasoko eraginkortasunari esker, batez ere. Kauldi Odriozola hegaleko jokalariaren lana azpimarratu beharra dago, hamabi gol sartu baitzituen zumaiarrak. Sei goleko abantaila ere eduki zuen Bidasoak, eta bostekoarekin amaitu zuen lehen zatia (18-13).

Bigarrena hasi bezain pronto, ordea, 0-3ko partziala osatu zuen Ciudad Encantadak. Zortzigarren minuturako, norgehiagoka orekatu zuen (20-20). Antzeko bidea jarraitu zuen neurketak, eta hiru minutu falta zirela, 30-30ekoa irudikatu zuen markagailuak. Azken erasoan, berdintzeko abagunea izan zuen Nonók, baina ez zuen jaurtiketa ona egiteko modurik topatu, eta desbideratuta irten zen baloia. Hiru jardunaldi gelditzen dira Asobal Liga amaitzeko, eta bost puntuko errenta du Bidasoak jaitsiera postuekiko.