Lehen puntuak eskuratu ditu Bidasoak

2016/09/14
Lehen puntuak eskuratu ditu Bidasoak

BIDASOA: Zubiria, Crowley (3), Nonó (7), Kauldi (6), Borragán (3), Popovic, Lancina (2). Cavero (1), Beltza, Aldaba, Muiña, Basaric (4).

SINFíN: Makaria, Muñiz (2), Pla, Paredes (1), Río (2), Ros, Jorajuría (6). Valverde, Herrero, Amarelle (5), Blázquez (1), Prieto, Postigo, Sánchez, Calderón (4), Herrero.

EPAILEAK: Fernández Fernández eta Martín Franco.

Larunbatean Arandan galdu ondoren, Bidasoak ez du gehiegi itxaron behar izan denboraldiko lehen bi puntuak lortzeko. Asteazkenean izan du jardunaldia, eta Santanderko Sinfín mendean hartu du, Artaleku kiroldegian. Arandako lehen zatian bezala, itxura ona eman du Irungo taldeak. Oraingoan, ordea, norgehiagoka borobildu du. Sinfinek hartu du lehen abantaila, baina hortik aurrera, Bidasoa izan da nagusi markagailuan. Hamargarren minutuan, jada, hutsartea eskatu behar izan du kanpoko entrenatzaileak (6-2). 11-8ra gerturatzea lortu du Sinfinek, baina azken estutu batekin 15-8ra alde egin du Bidasoak atsedenaldirako.

Bigarren zatian ere, kontrolpean eduki du lehia Bidasoak. Defentsan txukun aritu da, baina gainera, Asier Zubiriak erakustaldia eman du atean. Ondorioz, baloia sarera bidaltzea kosta zaio Santanderko taldeari. Irundarrek ere izan dituzte lehorraldiak, 41.minututik 47.era, esaterako. Sei minutu egin ditu Bidasoak golik sartu gabe, eta 19-14ra gerturatu da Sinfín. 19.ean ordea, Kauldik penaltia jasan du, eta zumaiarrak berak sartu du 20-14koa. Hortik aurrera, aurretik izandako kontrola berreskuratu du Bidasoak. 25.minutura 23-18ko abantailarekin iritsi da, Sinfinek defentsa zabaldu behar izan du, eta norgehiagoka erabaki du Jacobo Cuetararen taldeak. Bi puntuak “askoren lehenak” direla baieztatu du entrenatzaileak, euskaraz, prentsaurrekoan. Azpimarratzeko beste xehetasuna, Iñigo Aldaba harrobiko jokalariaren debuta izan da. Ezker hegalean atsedena eman dio Crowleyri.