LEHEN PORROTA…BIGARREN GELDIUNEA?

2021/01/25
LEHEN PORROTA…BIGARREN GELDIUNEA?
C.B. Erroibide 64
69 Askartza Claret

Erroibidek ezin izan du denboraldiko laugarren garaipena erdietsi, neurketa berdindu batean, Leioako Askartza taldeak 64-69 irabazi du.

Hiru hilabete Artalekuko pistan jokatu gabe izan ostean, Erroibide etxean lehiatzera bueltatu da. Zorte gutxirekin, ordea; izan ere, aginterik gabeko neurketa batean, Leioako Askartzak azken minutuetan jokalarien neurrian zuen abantaila baliatu du garaipena eskuratu eta sailkapenean Erroibide berdintzeko.

Bikain ekin dio Erroibidek neurketari, bi minutu eskasetan, 7-0eko lehen partziala eskuratu eta kanpoko taldea hutsartea eskatzera behartu dituzte. Hustartetik bueltan, Askartzak neurketa orekatzea lortu du, baina etxekoek 14-7ko abantaila izaten jarraitu dute. Hala ere, Erroibideren ordezkoak, lehen laurdenean, ez dira azkeneko neurketetan bezain ondo ibili eta Askartzako jokalari eskarmentatuek, neurketa berdintzea erdietsi dute-16-16 lehen laurdenaren amaieran-.

Bigarren laurdenean, Erroibidek asmatu egin du hiruko lerroko jaurtiketetan eta atsedenaldira iristeko hiru minutu falta zirenean markagailuak 33-27ko abantaila adierazten zuen. Akatsek, ordea, Leioako taldea berriz neurketa berdintzera eraman zuten; hain zuzen ere, Askartzak lehen zatiko azken segunduan hiruko jaurtiketa asmatu du 33-33ko berdinketa ezartzeko.

Atsedenalditik bueltan, Askartza oso fin aritu da defentsan zein erasoan eta lehen aldiz markagailuan aurretik jarri dira. Erroibidek bizkaitarren erritmoa berdindu du eta azken minutuetako defentsaren bidez, 55-54 aurretik bukatu dute azken aurreko laurdena.

Azken laurdenera garaipena lortzeko aukerarekin iritsi dira bi taldeak. Neurketa osoan zehar bi taldeak erasoan maila handia eman duten arren, laugarren laurden honetan erasoak kamuts ibili eta defentsak gailendu dira. Kamuts ibiltzearen horretan, Askartzako jokalariak sendoago aritu eta argiago ibili dira saskiratzeak lortzeko unean. Neurketa bukatzeko minutu baten faltan, 64-68 adierazten zuen markagailuak, etxeko taldeak aukerak izan ditu aldea murrizteko, baina jaurtiketa erabakigarriak ez dituzte asmatu. Azkenean, 64-69 eta bost puntuko aldeaz garaitu du Leioako Askartza Erroibide.

Lehen porrot honekin, Erroibide sailkapeneko laugarren postura jeisten da, baina igoera-fasea lehiatzeko postuetan mantentzen da. Neurri berriak aplikatzearekin batera, ikusteke dago txapelketak jarraituko duen edota Erroibidek entrenatzen jarraitzeko aukera izango duen.

Fitxa Teknikoa

Erroibide Carnicas San Marcial -64 (16: 17; 22; 9): Valderrama (5); Martínez de Antoñana (6); Echeveste (9); Martínez (17); De La Fuente (5); Torres (15); Añorga (5); Pagola (2); Merquelanz (-); Peña (-)

Askartza Claret - 69 (16; 17; 21; 15): Casal (8); Arbaiza (9); Murua (3); Montero (9); Martínez (0); Fernández (11); Lambarri (2); Goti (12); Álvarez (8); M. Gómez (2); A. Gómez (-); Estevez (5)