Lehen mailari neurria hartu dio Bidasoa Bk

2015/10/15
Lehen mailari neurria hartu dio Bidasoa Bk

Maila bana igo du Bidasoaren filialak azken bi denboraldietako bakoitzean. Aldaketa handia izan da, baina moldatzen jakin dute gazteek. Joan den sasoian bikain ibili ziren Euskal Ligan. 2015/2016an koska bat gorago dabiltza, Estatuko Lehen Mailan. Hala ere, maila handia ematen ari da filiala. Sailkapeneko hirugarren tokian dago, bost punturekin, neurketa bat berdindu baitu. Gainerako bietan garaipena lortu du.

Igande goizean Usurbil menderatu zuen Bidasoa Bk Artalekun (35-22). Neurketa erosoa izan zen irundarrentzat. Pedro Salcedo entrenatzaileak aldaketak egin ahal izan zituen, garaipena arriskuan jarri gabe. Laugarren jardunaldian irteera zaila izango du filialak. Tolosan jokatuko du larunbatean (20:00). Sailkapeneko bigarren postuan daude urdinak.

Etxetik kanpo berdindu du Hondarribiak

Euskal Ligako Hondarribia Eskubaloiak bi puntu ditu bakarrik. Biak etxetik kanpo lortu ditu. Larunbatean Legazpin berdindu zuen, Lau Bide Jatetxearen kontra (23-23). Bederatzigarren dira berdeak sailkapenean, eta zortzigarrena hartuko dute igande eguerdian. Deustu Loiolak jokatuko du Hondartza kiroldegian.