Lehen garaipena lortu du Hondarribia Ikasbasketek

2017/10/18
Lehen garaipena lortu du Hondarribia Ikasbasketek

Sasoiko lehen garaipena erdietsi du Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldeak. Gasteizko Mendizorrotzan izan zen, larunbatean, Araskiren kontra (62-72). Defentsako lana da taldearen arma nagusia, eta horixe baliatu zuen Gasteizen, hasieratik nagusitzeko. Atsedenaldira 13 puntuko errentarekin iritsi ziren berdeak. Aurreko jardunaldietan ez bezala, tiro libreetan ondo aritu ziren hondarribiarrak. Amaieran Araskik estutu bazuen ere, Ganix Mironek zuzentzen duen taldeak garaipena lortu zuen.

Hasiera gogorra izan du Hondarribiak, Estatuko Lehen Mailara iritsi berria baita. Lehen bi partidak galdu dituzte. Baina orain, irabazteko gai direla ikusita, konfiantzaz helduko diote neskek hurrengo jardunaldiari. Gernika hartuko du Ikasbasketek larunbatean, Hondartza kiroldegian, 19:45ean. Lehen hiru neurketetatik bi irabazi dituzte bizkaitarrek.