Lehen bandera eskuratu du Hondarribiak Orion
Ligako lehen garaipena erdietsi du Hondarribia Arraun Elkarteak asteburuan, larunbateko hitzorduan, Oria ibaiko uretan. Orioko Estropada irabazi zuten berdeek, erlojuaren kontrako lehian denbora onena eginda (19:39). Urdaibaik baino hiru segundo gutxiago behar izan zituen Ama Guadalupekoak. Zierbena izan zen hirugarren, Kaikuren aurretik. Etxeko ontziak bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Igandeko hitzorduan, berriz, Orio izan zen azkarrena. Itsasoko lehen estropada jokatu zuten Donostian, Kontxako Badian, eta Jon Salsamendiren taldeak eskuratu zuen Giroa Veolia bandera, bigarren txandan aritu ziren arren. Hondarribiak hirugarren denbora onena egin zuen, Ohorezko Txandan Urdaibairen atzetik sartu eta gero. Eusko Label Ligako sailkapen nagusian, bermeotarrak daude lehen tokian, Hondarribiak baino bi puntu gehiagorekin. Galiziarako bidea hartuko du orain ligak, A Coruñan eta Aresen izango baitira hurrengo hitzorduak, datorren asteburuan.