LAST 16KO KANPORAKETA ORAINDIK IREKIA BIDASOARENTZAT
Bidasoak ezin izan zuen GOG garaitu, baina 28-30eko markagailuarekin amaitu zuen atzoko partida
Bidasoak atzo jokatu zuen Artalekun EHF Ligako Last 16 kanporaketa GOG talde daniarraren aurka. Neurketa estua izan zen eta hori markagailuan isladatu zen. Bi taldeak ere oso parekatuak egon ziren, eta Bidasoak gogor borrokatu zuen partidak ihes ez egiteko. Azkenean, 28-30eko markagailuarekin galdu zuten etxekoek, eta beraz, Danimarkan erabakiko da zeinek irabazten duen hurrengo faserako txartela.
1726 ikusleren aurrean, partida giro ederrean joan zen. Zale guztien babesa nabaritu zuten jokalariek ere eta horrek bultzada eman zien neurketa zail honi aurre egiteko. Lehendabiziko minutuetatik, daniarrak nagusi izan ziren norgehiagokan eta aldea irekitzen hasi ziren markagailuan. Hala ere, Bidasoak ez zien utzi errenta hori gehiegi zabaltzen eta gehienez ere, hiru goleko aldea izan zuten bi taldeek. Atsedenaldia baino lehen, alde hau guztiz murriztea ere lortu zuen Bidasoak, 12na berdindu ostean, baina azken segunduetan GOG-eko Bergendahlek gola sartu eta 12-13koa jarri zuen bigarren zatia hasteko.
Atsedenalditik bueltan, neurketa bide beretik joan zen. Hala ere, GOG taldeko jokalarien indar ukaezinak 22-25ko markagailua ezarri zuen hamar minuturen faltan. Jacobo Cuetarak orduan hutsartea eskatu zuen eta honek on egin zion Bidasoari. Izan ere, momentu horretatik aurrera, etxekoek hiru gol sartu eta 25-27koa lortu zuten. Ez hori bakarrik, Ledo eta Caveroren golei esker, 27ko berdinketa ere lortu zuten irundarrek. Partiduaren azken minutuetan hartu-emanean egon ziren bi taldeak, baina azkenean bi goleko errenta eskuratu zuen GOG-ek eta 28-30eko markagailua ipini zuen behin-betiko.
Gauzak horrela, EHF Ligako Last 16 kanporaketa hau oraindik irekia dago Bidasoarentzat. Lortutako errenta ez da erabakigarria izan eta itzulerako neurketan oraindik borrokatzeko aukera dute hurrengo faserako txartela eskuratzeko. GOG eta Bidasoaren arteko itzulerako norgehiagoka apirilaren 5ean, datorren asteartean, ospatuko da Gudmeko Phönix Tag Arena kiroldegian, arratsaldeko 18:45ean.
(Argazkia: Eduardo Agreda)