Lagunak-en aurka ere ezin izan du Hondarribiak
2017/11/23
Liderraren kontra galdu ondoren, bigarrenaren aurka ere amore eman behar izan du Hondarribia Ikasbasketek. Barañaingo Lagunak taldeak mendean hartu zuen larunbatean, Hondartza kiroldegian (53-67). Partida bakarra galdu dute nafarrek orain arte, liderraren etxean, puntu bakarragatik.
Lehen laurdenean nagusi izan zen Hondarribia (18-16), baina bigarrenetik aurrera, Lagunak-ek partidaren agintea eskuratu zuen. Atsedenaldi luzera bost puntuko aldearekin ailegatu ziren (26-31), eta azken laurdenean berdeek estutu bazuten ere, nafarrek garaipena erdietsi zuten. Azken bi porroten ondoren, laugarren postuan dago Hondarribia. Hurrengo jardunaldian hirugarrenaren etxean jokatuko du, Bilbon, La Salle-Zurekin taldearen kontra (Larunbata, 18:15).