LA UNICA TALDEA TXINGUDIRI NAGUSITU ZITZAION PLAIAUNDIN

2021/11/30
LA UNICA TALDEA TXINGUDIRI NAGUSITU ZITZAION PLAIAUNDIN
Zaisa Txingudi 3
98 La Unica

Larunbatean jokatutako partidua 3-98ko markagailuarekin amaitu zen 

Larunbat arratsaldean, urez eta lokatzez betetako zelai batean, aritu ziren norgehiagokan Txingudi eta La Unica talde iruindarra. Nahiz eta etxekoek indarrarekin hasi zuten neurketa, kanpokoek segidan hartu zieten aurrea partiduaren amaierara arte, 3-98ko markagailuan erdietsiz denboraldiko seigarren jardunaldian.

Lehen zatia hasi bezain pronto, Txingudikoek markagailua irekitzeko abagunea aprobetxatu zuten eta Ugo Poncinik zigor kolpe baten bidez egin zuen jokaldi batekin lehen puntuak erdietsi zituen taldearentzat. Hala ere, La Unica taldeak horri buelta eman zion segidan eta partiduko lehen zati honetan lortutako hamar entseguen lehenengoa egin zuten. Iruindarrak nagusi izan ziren hortik aurrera eta atsedenaldia ailegatu zenerako, markagailua 3-66n kokatzea lortu zuten.

Alde izugarri honekin, jardunaldiaren bigarren zatiari ekin zioten bi taldeek. Etxekoek indarberritu eta jarrera hobearekin atera ziren Plaiaundiko zelaira azken minutu hauetan, baina ez zen nahikoa izan. La Unicak erresistentzia izugarria erakutsi zuen eta markagailuan zulo handiagoa irekitzea lortu zuten. Hala ere, 57. minutuan kanpoko taldeak jokalari bat galdu zuen aldi baterako kanporatzeagatik, eta minutu batzuk beranduago beste bat ere kanporatu zuten epailearekiko izan zuen jarrerarengatik. Etxekoek ere Ivan Martin galdu zuten, baina oraingo honetan lesionatu eta erretiratu behar izan zelako.

Azken minutuetan, talde iruindarrak partiduaren kontrola izaten jarraitu zuen eta Txingudi baino bost aldiz gehiago entsegu gunera iristea lortu zuen. Horrela, neurketa 3-98ko markagailuarekin amaitu zen eta etxeko taldea berriz ere, etsituta, garaipenik gabe geratu zen beste asteburu batez.

Hurrengo jardunaldian, zazpigarrenean hain zuzen ere, Txingudik Durango jasoko du Plaiaundiko zelaian.

(Argazkia: La Unica RT)