La Roda txikitu du Real Unionek

2016/01/17
La Roda txikitu du Real Unionek

REAL UNION: Txusta, Azkoiti, Aimar, Esnaola (Iriondo, 59'), Morcillo, Rodellar, Mikel Alonso (Urkizu, 66'), Mujika, Ozkoidi (Romo, 73'), Eizmendi, Galán.

LA RODA: Godino, Moreno, Sánchez, García, Sofian, Guti, Camacho (Abengozar, 52'), Goñi, Megías (Bolo, 75') Oca, Oscar Martín.

GOLAK: 1-0: Galán (1'). 2-0: Mujika (27'). 3-0: Alonso (30'). 4-0: Galán (47'). 4-1: Goñi (59'). 5-1: Eizmendi (73').

EPAILEA: álvarez Borbolla. Txartel horiak: Mujika, Galán (Real Union); Guti, Oca (La Roda).

Garaipen erosoa lortu du Real Unionek Stadium Galen, Albaceteko La Roda taldearen aurka. Jaun eta jabe izan da norgehiagoka osoan zehar, eta nahi izan duen erritmoa jarri dio lehiari. Hasieran bizi-bizia izan da. 40.segundua bete baino lehen sartu du lehen gola Jorge Galanek, Azkoitiren pase ederra jaso eta jaurtiketa gurutzatua eginda. Abantaila izan arren, estutzen jarraitu du Unionek. Hutsune ugari topatu ditu arerioaren defentsan, eta ondo baliatu ditu. Beste bost gol aukera izan ditu hogeita bost minutuko tartean. 26.ean, bigarren gola iritsi da. Aritz Mujikak sartu du, korner baten aldaratzean. Hirugarren errematea izan da Mujikarena, baina sarean amaitu du baloiak. Hiru minutu beranduago, Mikel Alonsok ordu erdi bikaina borobildu du, hirugarren golarekin. Kontraeraso eder bati amaiera eman dio.

Erabateko nagusitasuna erakutsi du Real Unionek lehen zatian. Atsedenaldian La Rodak itxaropen apur bat baldin bazuen, bertan behera gelditu da 47.minutuan, Galanek laugarrena sartu duenean. Beste kontraeraso bat gidatu du Alonsok, pase ona egin dio Galani, eta aurrelariak atezaina gainditu du. Neurketa erabakita zegoen arren, La Rodak indarrak bildu ditu, Stadium Galen gol bat behintzat sartzeko. 59.minutuan lortu du Adrien Goñik, baloiak etxeko jokalari bati jo ondoren. Partidaren erritmoak behera egin du nabarmen, txuribeltzek hala nahi izan dutelako. Dena den, beste bi abagune argi izan ditu Mujikak. Bosgarren gola ez du berak sartu, baina erdiratzea egin du, Eizmendik erremata zezan. Buruz egin du beasaindarrak azken gola, 72.ean. Amaierako minutuetan norgehiagokak ez du interes handirik izan ikusleentzat. Real Unionek bosgarren garaipena lortu du segidan, eta etxean galdu gabe jarraitzen du.