Kostata gainditu du berriro Bidasoak Zarautz

2020/01/01
Kostata gainditu du berriro Bidasoak Zarautz

BIDASOA-IRUN: Zubiria, Cavero (3), Trkulja, Crowley (6), Iriarte (2), Muiña (6), Azkue (2). Dejanovic, Vazquez, Revin (4), Penón (1), Zildzic (3), Gimeno (2), Alzaga.

AMENABAR ZARAUTZ: De Carlos, Urbieta, Balenziaga (3), Agirrezabalaga (9), Bujanda (1), Iraeta (4), Ondarra (2). Roteta, Atorrasagasti (3), Garate (1), Agirregomezkorta, Etxaniz (2), Labairu, Beristain.

MARKAGAILUA: 3-1, 5-4, 8-9, 10-11, 12-12, 13-13 (atsedenaldia); 15-17, 18-18, 22-21, 25-23, 26-24, 29-25.

Euskal Kopako finalean bezala, izerdi egin behar izan du Bidasoa-Irunek Amenabar Zarautz gainditzeko. Lehia biziaren jokaleku izan da berriro Artaleku kiroldegia. Zarautzek hasieratik utzi du argi garaipena eskuratzeko bidea barneratuta zuela. Defentsa irekiekin min egin dio Bidasoari, eta mugikortasuna eta abiadura erabilita irundarren harresia gainditzeko modua aurkitu du. Benetan parekatua izan da lehen zatia, eta berdinketa esanguratsua irudikatu du markagailuak atsedenaldian (13-13). Muiñak egin du azken gola, hiru segundo falta zirenean.

Aldagelatik bueltan indartsu irten da kanpoko taldea. Bidasoak baino intentsitate maila bat gehiago jarri dio neurketari, eta bi aldiz lortu du bi goleko abantaila. Baina berrogeigarren minutuan berdintzea lortu du Crowleyk, “fly” eder batekin, Revinek pasatako baloia airean hartuta. Mugarri izan da gola. Ia segidan, Caverok 19-18koa sartu du kontraerasoan, Zubiriak Agirrezabalagari jaurtiketa gelditu ondoren. Aitor Urbitartek hutsartea eskatu duen arren, hurrengo jokaldian aldea handitu du Amer Zildzic-ek. Berrogeita hamargarren minutuan hiruko abantaila hartu du Bidasoak, neurketa osoan lehen aldiz. Muiñak egin du 25-22koa.

Zarautzek ez du amorerik eman. Ahaleginean jarraitu du, eta 26-24ra hurbiltzea lortu du, partida bukatzeko bost minutu falta zirenean. Defentsako mailarik onena erakutsi du orduan Bidasoak, Zubiria atezainaren ekarpenarekin. Zildzic-en eta Revinen golek derbia erabaki dute (28-24). Banakako defentsa erabili du orduan Zarautzek azken saiakeran, baina markagailua apaintzea besterik ez du lortu Mikel Iraeta irundarraren golarekin. Zarautz baino gehiago dela erakutsi du Bidasoak azken minutuetan, balio handiko bi puntu eskuratzeko. Igoera faserako txartela ematen duen seigarren tokian jarraitzen du Fernando Bolearen taldeak.