Koroa jaso du erregeak
San Miguel Liga irabazi du Hondarribiak hirugarren aldiz
Hondarribirako bidea hartu du “La Caixa” koroak. Aspaldi eskura zuen garaipena erdietsi du Ama Guadalupekoak, denboraldiko azken asteburuan. Uda gogoangarria izan da Hondarribia Arraun Elkartearentzat. Onena izan da ligan, eta garaipen sorta ederrak berresten du nagusitasuna. Hamahiru estropada irabazi dituzte berdeek. Hamabi bandera eraman dituzte etxera. Azkena, koroarekin batera. Bermeon irabazi du larunbatean Hondarribiak, urteko aurkari handienaren etxean. Ordaina jaso du Urdaibaik, Kontxako garaipenaren ondoren. Orio sartu da, gainera, berdeen eta urdinen artean.
Inolako presiorik gabe, estropada lasaia izan du Hondarribiak igandean Portugaleten. Hirugarren izan da, Urdaibairen eta Kaikuren atzetik. Sestaoko taldeak urteko garaipen bakarra lortu du, “El Corte Inglés” bandera irabazita. Bandera Kaikuk jaso du, eta koroa Hondarribiak. Joseba Amunarriz patroiak eta Osertz Aldai arraunlariak altxatu dute, kluba utziko baitu azkenak, hogeita bederatzi urteren ondoren. Isuntzako entrenatzaile izango da Aldai. Amaiera ezin hobea eman dio ibilbideari, elkartearen historiako pasarte handienetako baten parte izan baita.