KOPAREN AURRETIK, PORROTA

2021/02/28
KOPAREN AURRETIK, PORROTA
Bada Huesca 29
23 Bidasoa-Irun

Bidasoak ezin izan du Bada Huescaren aurka bolada honari segida eman, etxekoak oso nagusi izan dira eta 29-23 garaitu dituzte irundarrak.

Bada Huesca oso nagusi izan da. Errege Kopari ekin aurretik, Bada Huescak 29-23 menderatu du Bidasoa eta irundarrek ezin izan dute garaipen berri bat erdietsi. Lehen aldeak eta golak Adrian Crowley eta Julen Aginagalderenak izan diren arren, zortzigarren minutuan etxekoek 4-2ko lehen errenta nagusia lortu dute.

Bada Huescak defentsako lan oso serioa egin du lehen zati osoan zehar, eta Espinha atezainak sekulako lana egin du atepean. Argi zuten garaipena minutuz minutuko lanaren bitartez lortuko zutela eta horrela egin dute. Bidasoak gorriak pasa ditu lehen 30 minutuetan, bost golengatik galtzen joan da Jacobo Cuetararen taldea. Ordea, lehen zatiko azken minutuetan Bidasoak errendimendua hobetu du eta atsedenaldira 13-10ko markagailura murriztu du aldea.

Bide onetik hasi du bigarren zatia Bidasoak. Aginagaldek 13-11ko gola egin du eta bosgarren minutuan norgehiagokako lehen berdinketa gauzatu dute (17-17). Aurretik jartzeko gol psikologikoa erdiesteko bi abagune izan ditu Bidasoak, baina Espinha atezainak saiakerak aldendu ditu. Etxeko taldeak hutsartea eskatu behar izan du neurketan berriz kokatzeko eta irteterakoan, neurketa lehen zatiko errelatora itzuli da. Gutxinaka, Bada Huesca aldea handitzen joan da eta amaieran, sailkapeneko hirugarrenak bigarrena 29-23 menderatu du.

Aukera paregabea zuen Bidasoa Bada Huesca garaitu eta Asobal Ligako bigarren postua sendotzeko, baina porrota jasan ostean, Bada Huesca hiru puntutara hurbildu zaio. Une honetan, Bidasoak 33 puntu ditu eta Bada Huescak 30. Hala ere, 22.jardunaldia jokatuta, Bidasoaren hurrengo deialdia BM Benidormen aurka izango da, Errege Kopako txapelketan.

Fitxa teknikoa 

29 – Bada Huesca (13+16): Espinha, Montoya (4), Adrià Pérez (3), Mosquera (2), Marcelo (6), Sergio Pérez (1), Pinto (9, 4 p.); Broto, Arguillas, Carmona, Tioumentsev (1), García (1), Rodrigo (1), Gucek (1), Malo, Asier Nieto.

23 - Bidasoa Irun (10+13): Sierra, Cavero (1), Crowley (4), Julen (5), Salinas (5, 2 p.) Tesoriere, Bonanno; Larrarte, Racotea (2), Zabala, Kauldi, Serrano, De la Salud (2), Azkue (4), Da Silva, Nieto.