KOPAKO NEURKETA JOKATUKO DU BIHAR REAL UNIONEK GALEN

2022/12/19
KOPAKO NEURKETA JOKATUKO DU BIHAR REAL UNIONEK GALEN

Talde txuribeltzak Lehen Mailako Mallorca jaso beharko du bihar, iluntzeko 21:00etan

Real Unionek, Gabonetako geldialdiaren aitzinetik, Kopako neurketa jokatu beharko du bihar Galen. Urteko azken partidua izanen da talde txuribeltzarentzat eta erronka handia gainera, izan ere, Lehen Mailako RCD Mallorca etorriko da Irunera. Bi talde hauen arteko norgehiagoka gaueko 21:00etan izanen da.

David Movillak eman du neurketa honen atariko prentsaurrekoa. Bertan, taldea biharko “gogoz eta ilusioz” dagoela azaldu du. “Geldialdiaren aitzinetik jokalariek egin behar duten azken esfrotzua izanen da eta denak entxufatuta daude”, argitu du. Real Unionentzat biharko partidua “erronka handia eta aukera izugarria” dela ere adierazi du entrenatzaileak: “Jokalari hauek biharko neurketa jokatzeko aukera hau irabazi dute, baita aurreko talde teknikoak ere”.

Mallorcaren inguruan, “talde bat dela” azpimarratu du Movillak. “Denboraldi ederra egiten ari dira, erakusten duten lehiakortasunagatik eta indibidualki duten kalitatea taldearen zerbitzura jartzen dutelako”, aipatu du prestatzaileak. Gaineratu duenez, “indartsuak dira eta Lehen Mailako talde baten kalitatea dute”. Hori guztiari, biharko neurketa prestatzen hiru aste daramatzatela gehitu behar zaio, barakaldoarraren ustez: “Biharko partiduaren aitzinetik ez dute Ligako neurketen kargarik eduki, eta ondotik ere ez dute izanen. Horrez gain, hiru aste daramatzate biharkoa prestatzen”.

Hala ere, David Movillak ez du hau “aitzaki” baten moduan erran, irundarrek “erronka eta motibazio baten moduan” hartu beharreko baldintza baten gisa baizik. Mallorca kanporatzea zaila izanen dela jakinda, irabazten ahal dutela sinetsita jokatuko du bihar Real Unionek: “Mallorka kanporatzen saiatuko gara, hori izanen da gure pentsatzeko modua. Zaila izanen dela jakinda, irabazten saiatuko gara”.

Urteari bukaera borobila eman nahiean aterako dira zelaira beraz, Real Uniongo jokalariak. Mallorca izanen dute aurrez aurre Galen, gaueko 21:00etatik aitzinera.