KONTXARAKO SAILKATZEA IZANEN DUTE JOKOAN GAURTIK AITZINERA HONDARRIBITARREK

2023/08/30
KONTXARAKO SAILKATZEA IZANEN DUTE JOKOAN GAURTIK AITZINERA HONDARRIBITARREK

Emakumeak gaur (abuztuaren 30ean) ariko dira lehian eta gizonezkoak bihar (abuztuaren 31n)

Arraun munduko urteko hitzordurik garrantzitsuenetakoa izanen dute gaur emakumeen 18 traineruk. Hain zuzen ere, 2023ko Kontxako Banderako sailkatzea izanen dute jokoan arraunlariek gaur arratsaldean, 18:00etatik aitzinera. Gizonezkoen 24 traineru berriz, bihar (abuztuaren 31n) ariko dira lehian helburu berarengatik.

Irailaren 3ko eta 10eko asteburuetan jokatuko da 2023ko Kontxako Bandera, baina aitzinetik gaur eta bihar, abuztuaren 30ean eta 31n, sailkatze probak ospatuko dituzte Donostian. Lehen egunean emakumeak ariko dira lehian Kontxako Banderan leku bat lortzeagatik. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da estropada eta parte hartuko duten 18 traineruak bi taldeetan egonen dira banatuta. A taldean, Cabo, Chapela, Donostia Arraun Lagunak, Hondarribia, Hibaika, Kaiku, Orio, Tiran, Tolosaldea eta Zumaia egonen dira eta B taldean berriz, Cesantes, Perillo, Deustu, Hernani, Mugardos, Ondarroa, Astillero eta Zarautz.

Emakumeek 1,5 miliako ibilbidea osatuko duten bitartean, biharamunean, abuztuaren 31n, gizonezkoek 3 milia osatuko dituzte euren sailkatze proban. Ordu berean hasiko da hauen lehia, 18:00etan, eta 24 traineruk hartuko dute parte. Hauek ere bi taldetan egonen dira banatuta: A taldean, Arkote, Cabo, Ares, Getaria, Hondarribia, Kaiku, Lekittarra, Ondarroa, Orio, Samertolameu, Santurtzi eta Zierbena; eta B taldean, Urdaibai, Bueu-Simei, Zumaia, Deustu, Elantxobe, Lapurdi, Mutriku, San Juan, San Pedro, Hibaika, Tiran eta Zarautz.

Bi jardunaldietako bakoitzean zazpi traineru sailkatuko dira Kontxako Banderarako eta ohi bezala, etxeko Donostiarrak osatuko ditu bi zortzikoteak.

(Argazkia: ACT)