Konfiantzaz ekingo dio Bidasoak ligari

2015/09/01
Konfiantzaz ekingo dio Bidasoak ligari

Larunbatean jokatuko du ligako lehen partida Bidasoa-Irunek. Aritzbatalden ekingo dio lehiari, Zarautzen aurkako derbiarekin (19:30). Taldea eraberrituta, eta konfiantzaz beteta egingo diete bisita bidasoarrek bizilagunei. Denborarekin hasi dira aurten mugimenduak Artalekuko bulegoetan, aurreko urteetako ziurgabetasunak alde batera utzita. Kantxan ere, ohi baino lehenago hasi da Fernando Bolea jokalari gehienekin lanean. Lagunartekoak probak egiteko baliatu dituen arren, emaitza esanguratsuak lortu ditu. Hiru neurketa galdu ditu Bidasoak, baina horietatik bi Asobal Ligako taldeen kontra (Go Fit Sinfín eta Ademar León). Ohorezko B Mailan aurkari izango duen Grupo Covadongaren aurka, partida bana irabazi eta galdu du Bidasoak. Azken garaipena, Asobal Ligako Helvetia Anaitasunaren kontra lortu du Bolearen taldeak, Egiako Txapelketan.

Hirugarren izan da Bidasoa Egian. Finaletik kanpo gelditu zen ostiralean, Ademarren aurka galdu ondoren. Leondarren erritmoari eusteko gai izan ziren horiak norgehiagokaren hasieran. Atsedenaldirako, baina, agerikoa zen Ademarren nagusitasuna (9-14). Eroso aritu zen bigarren zatian, eta sufritu gabe eskuratu zuen finalerako txartela (21-30). Bidasoak ez zuen finalerdiko itxurarekin gelditu nahi izan. Hirugarren eta laugarren posturako lehian, ezustekoa eman eta Anaitasuna menderatzea lortu zuen (29-26). Defentsa sendoa izan zen garaipenaren oinarri. Erasoan, jokalari bidasoarren maila agerian gelditu zen. Asobal Ligara igotzeko osagai aproposak ditu Fernando Boleak. Talde trinkoa osatzen asmatu beharko du orain.