KOLPE LATZA
Kontsolidazio fasea modurik traketsenean hasi zuen Txingudi Errugbi Klubak. Veltesca Bilbo taldeak, errukirik gabe, 8-48 mendean hartu zuen talde irundarra.
Arrasateren aurka galdu eta gero, Zaisa Txingudi Errugbi Kluba Euskadiko Senior Ligako kontsolidazio fasean murgildurik dago. Ezin izan zuten sailkapeneko laugarren postua erdietsi; beraz, bigarren fase honetan, maila jokoan jarri gabe, Atletico Hernani, Bera Bera eta Veltesca Bilboren aurka aritu beharko da.
Pasaden larunbatean, azken talde horrek bisitatu zuen Plaiaundiko zelai lokaztua eta etxean jokatu balute bezala aritu ziren. Nahiz eta lehen fasean Zaisa Txingudi Errugbi Klubak 10-7 irabazi zion Veltescari, kontsolidazio faseko lehen jardunaldi hori oso bestelakoa izan zen. Talde bilbotarra neurketako jaun eta jabe izan zen, hasierako minutuetatik, amaierara arte.
Lehen hamar minutuetan, talde bilbotarrak bi entsegun gauzatu zituen (0-10) eta lehen aldeak ireki zituzten markagailuan. Hamabosgarren minutura iritsi ez zirela, hirugarrena ere egin zuen Veltesca Bilbok eta 0-17ra handitu zuen aldea. Luken Crouzarten jaurtiketak soilik hurbildu zuen Zaisa Txingudi Errugbi Kluba (3-17).
Bazirudien talde bidasotarrak erreakzionatzeko ahalegina egingo zuela, baina irudikeria hutsa izan zen. Zutoinetako jaurtiketa egin eta gutxira, talde bilbotarrak eguneko laugarren entsegua egin zuen (3-22), eta horren atzetik, beste bi gauzatu zituzten atsedenaldira 3-36ko markagailuarekin heltzeko. Lehen zatiko azken hamar minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu zuen Zaisa Txingudi Errugbi Klubak, Erik Gonzalezek plakaketa altua egin zuen eta epaileak behar bezala zigortu zuen.
Lehengo lepotik burua. Bigarren zatia lehenaren kalko bat izan zen. Hasi eta bost minutuetara 3-43koa ezarriko zuen entsegua egin zuen Veltesca Bilbok eta Zaisa Txingudi Errugbi Taldeak zituen esperatza eskasak uxatu zituen. Markagailuan oso atzetik bazegoen ere, talde bidasotarrak jarrera lehiakorragoa erakutsi zuen bigarren zatian eta bide horretatik, partiduko entsegu bakarra iritsi zen. Luken Crouzart izan zen berriro ere protagonista, bilbotarren defentsa hautsi eta entsegu-marra gurutzatzea lortu zuen (8-43).
Hurrengo minutuetan, saiakera interesgarriren bat izan zuen Zaisa Txingudi Errugbi Taldeak, baina bilbotarren defentsak, oso sendo, entseguak eragotzi zituen. Neurketa bukatzear zela, talde bilbotarrak toucheko irteera baliatu zuten norgehiagokako azken entsegua gauzatzeko (8-48).
Kolpearen ostean, arerio berria.
Larunbatean, 16:30ean, taldearen norabidea iraultzeko aukera berria izango du Zaisa Txingudi Errugbi Taldeak. Lehen itzulian 31-12 mendean hartu zuen Atletico Hernani taldea jasoko du Plaiaundiko zelaian. Azken neurketa erreparatuta, lehenengo faseko emaitzak ahaztu eta partidua behar den bezala jokatuko dute. Kolpeari eta min hartutako jokalarien bajei, adorez aurre egin beharko dio akerra ikur bezala duen taldeak.