KLARA OLAZABALEK BIGARREN POSTUAN BUKATU DU PIRINIOETAKO KOPA
Olazabalen hurrengo erronka apirilaren 15 eta 16an ospatuko den bigarren Espainiako Kopa izanen da
Pirinioetako Kopa bigarren jardunaldia jokatu zen pasa den asteburuan La Seu d´Urgellen, Canoe Slalom modalitatean. Bertan izan ziren Santiagotarrak taldeko hamaika kirolari eta emaitza azpimarragarriak lortu zituzten. Hala nola, Klara Olazabalek bigarren postua eskuratu zuen Kopako ranking-ean, bigarren jardunaldi honetan ere zilarrezko domina irabazita C1 kategorian.
Klara Olazabalek bigarren postua eskuratu zuen C1 kategoriako Pirinioetako Kopako azken ranking-ean. Izan ere, pasa den asteburuan, txapelketa honen bigarren jardunaldian, zilarrezko domina eskuratu zuen modalitate berean. Honez gain, Oier Diazek eta Haritz Azanzak ere lan ona egin zuten eta finalerdiak jokatzeko aukera eduki zuten, C1 eta K1 modalitateetan hurrenez hurren.
Honen ondotik, Irungo klubeko kirolariek bigarren Espainiako Kopa jokatuko dute datorren apirilaren 15 eta 16an. Hitzordu hau, gainera, slalom-eko talde nazionalean parte hartzeko proba baliagarria izanen da juniorrentzat, 23 urtez azpikoentzat eta senior mailakoentzat.
Espainiako 5000 metroko Txapelketa
Santiagotarrak-Urbycolan taldeko infantil eta kadeteak Espainiako 5000 metroko Txapelketa jokatu zuten Cadizen pasa den asteburuan ere. Ehun klubek baino gehiagok hartu zuten parte bertan, eta irundarrak zortzigarren postuan sailkatu ziren azkenean.
Hogeita bat prigaguista joan ziren Irundik Cadizera Espainiako Txapelketan parte hartzera. Larunbateko kanporaketak gainditu ondotik, denek izan zuten aukera igandeko probetan lehiatzeko. Bigarren eguneko emaitzarik aipagarriena Eider Ceciliak infantil A mailan lortutako laugarren postua izan zen. Kategoria berean, June Arrastua hamabigarren postuan helmugaratu zen.
Infantil B mailan berriz, Markel Vertizek zazpigarren postuan bukatu zuen bere lehen Espainiako Txapelketan. Kadete A mailan, Eneritz Aizpiolea hamabigarren postuan helmugaratu zen. Kategoria berean, Irene Muiñok 23. bukatu zuen lasterketa, eta azkenik, Odei Gelbenzuk hamaikagarren postua eskuratu zuen, kadete B mailan.
Aulki mugikorreko Gipuzkoako Ligako hirugarren estropada
Santiagotarrak taldeko aulki mugikorreko sailak Gipuzkoako Ligako hirugarren estropada jokatuko du datorren apirilaren 1ean. Orion ospatuko da jardunaldi hau, 12:30etik aitzinera.
Santiagotarrak-eko kirolariekin batera, Hondarribi, San Juan, Arraun Lagunak, Ur Kirolak eta Orio arituko dira. Guztira, 400 bat arraunlariren parte hartzea espero da, 150 ontzitan banatuta. Irundarrek 70 kirolari ureratuko dituzte.
(Argazkia: Diana)