KLARA OLAZABAL HIRUGARREN PAUN

2021/03/29
KLARA OLAZABAL HIRUGARREN PAUN

Santiagotarrakeko ur-bizietako palistek Paun jokatutako Pirinio Kopako hirugarren jardunaldian parte hartu zuten. Klara Olazabalek hirugarren egin zuen eta Ander Elosegi seigarrena izan zen.

Asteburuan zehar Santiagotarrakeko ur-bizietako palistek Pirinio Kopako hirugarren jardunaldia jokatu zuten Paun. Nahiz eta palisten partehartzerik onena ez zen izan, Klara Olazabalek eta Ander Elosegik hirugarren eta seigarren bukatu zuten txapelketa.

Klara Olazabalek klasifikatoriako seriean sentsazio okerrak izan zituen, baina final-erdietarako txartela eskuratu zuen. Behin lehen fasea gaindituta, igandeko zirkuitura hobe egokitu zen eta denborarik onena eginik finalerako sailkatu zen. Finalean, sentsazio onak izan zituen palista irundarrak, baina zenbait akatsek garaipenetik at utzi zuten. Edonola ere, Klara Olazabalek “emaitza baikorra” dela eta landu beharreko hainbat gauza “ondorioztatzeko” balio izan zaiola aitortu du.

Ander Elosegik, ez zuen final-erdietan sartzeko arazo handirik izan eta final-erdietan, Klara Olazabalek bezala, lehiaketako denborarik onena egin zuen. Arazoak finalean iritsi ziren; izan ere, akats baten ondorioz, denbora asko galdu zuen Elosegik eta denbora onenetatik urrundu zen. Lehenago aipatu antzera, Santiagotarrakeko palistak seigarren postuan bukatu zuen txapelketa.