Kielce talde poloniarrak Julen Aginagalde bere jokalari ohia omendu zuen atzo

2024/11/22
Julen Aginagalde CD Bidasoako kirol zuzendariak omenaldia jaso zuen atzo, azaroaren 21ean, Kielceko (Polonia) Hala Legionów pabiloian, 4.000 ikusle ingururen aitzinean, EHF Champions Leagueko KS Kielce eta Pick Szeged taldeen arteko partiduaren atarian.
Kielce talde poloniarrak Julen Aginagalde bere jokalari ohia omendu zuen atzo

Julen Aginagalde CD Bidasoako kirol zuzendariak omenaldia jaso zuen atzo, azaroaren 21ean, Kielceko (Polonia) Hala Legionów pabiloian, 4.000 ikusle ingururen aitzinean, EHF Champions Leagueko KS Kielce eta Pick Szeged taldeen arteko partiduaren atarian. Pasa den asteartean Polonian Bidasoa Irunek KGHM Chrobry Glogow taldeari irabazi ondotik, Aginagalde Kielceraino joan zen bere talde ohiaren omenaldi hau jasotzeko.

EHF Champions Leagueko partidua hasi baino lehen, Julen Aginagalde ordubete inguru egon zen zaleekin autografoak sinatzen eta argazkiak ateratzen. Pistan, klubak kamiseta bat eta oroigarri ttiki bat oparitu zizkion, eta ondotik, harmailetako batean, irundarraren aurpegia zuen tifo bat altxatu zen. Aginagalde zaletu guztiei zuzendu zitzaien eta, hunkiturik, polonieraz eskerrak eman zizkien maitasun adierazpen guztiengatik.

Gainera, aste honetatik aitzinera, Julen Aginagaldek 2016an klubak irabazitako EHF Champions Leagueko finala jokatzeko erabili zuen elastikoa KS Kielceren museoan egonen da. Neurketa horretan irundarrak penalti erabakigarria sartu zuen eta Poloniako klubak bere eskuak moldatuko ditu bere museoan jartzeko baita ere.

Julen Aginagalderen hitzetan, omenaldia "oso polita izan zen. Esperientzia ikaragarria eta zirraragarria izan da. Etxean bezala sentitzen naiz, kluba, hiria eta zaleak, asko maite ditut eta beti oso ondo tratatu naute. Esker oneko hitzak besterik ez ditut".

Irundarrak EHF Champions League bat (2015/2016) irabazi zuen Kielcen, zazpi Liga titulu segidan (2014-2020) eta sei Poloniako Kopa segidan ere (2014-2019). Polonian ibili ondoren Bidasoa Irun taldeko jokalaria izan zen.