KAULDI ODRIOZOLAK C.D. BIDASOA UTZIKO DU DENBORALDI AMAIERAN
Eskaintza garrantzitsu bat jaso du eta profesionalki saltoa emateko garaia dela erabaki du
Gaur eguerdiko 14:15etan, C.D. Bidasoako presidente den Gurutz Aginagaldek eta Kauldi Odriozola jokalariak premiazko prentsaurreko bat deitu dute Artalekun. Bertan, azken honek denboraldi amaieran talde irundarra utziko duela jakinarazi du. Odriozolak berak aipatu duen moduan, “orain dela pare bat aste, hiru aste, eskaintza on bat jaso nuen. Kirolari dagokionez, neretzat eskaintza on bat da hazten jarraitzeko”.
Erabaki zaila izan bada ere, zumaiarrak onartu duen moduan, “nere karreran aurrerapausoa da. 25 urterekin joango naiz hara eta pausua emateko momentua iritsi dela erabaki dut, onena baita neretzat”. Hala ere, Bidasoan egon den zazpi urte hauetan oso gustora sentitu dela aitortu du, “taldea bigarren mailan zegoenean iritsi nintzen, igoera lortu genuen eta gero, espero ez nituen beste gauza batzuk ere lortu ditugu: bigarren postua Asobalen edo Champions-a jokatzea. Artalekun arratsalde oso onak pasa ditugu”.
Malkoen artean Kauldik eskerrak eman nahi izan die “zuzendaritzakoei, taldekideei, oraingoei eta eduki dituzten guztiei eta afizioari. Oso maitatua sentitu naiz, gozamen bat da hemen jokatzea”. Horregatik guztiagatik, nahiz eta bere ibilbidean salto garrantzitsu bat emateko puntuan dagoen, jokalariak onartu du: “Pena handia emango dit joateak”. Hala ere, denboraldi guztia geratzen zaio Bidasoan oraindik eta taldeko "helburuak betetzen” jarraituko duela ziurtatu du, baita “azken partiduak ahalik eta gehien gozatzea” espero duela ere.
C.D. Bidasoako presidentearen eskertza Odriozolari
Gurutz Aginagaldek ere hitz egin du eta aipatu du: “Erabaki azkarra izan da, baina momentu oro zuzendaritzak Kauldiren balioa kontuan hartzen jakin du". Horrela, hitz politak eskeini dizkio berak ere jokalariari eta eskerrak eman nahi izan dizkio Bidasoan egondako urte guzti hauengatik: “Oraindik hilabete batzuk gelditzen zaizkigu berarekin disfrutatzeko eta eskertu nahi diogu gurekin izan duen ibilbidearengatik, urte garrantzitsuak izan dira Kauldi bezalako jokalari garrantzitsu batentzat”.