Karatea, bizitzarako
Kirol lehiaz harago, karatearen balioak hedatzeko lanean ari dira eskoletan
Kirol olinpiko izendatu dute karatea, Tokio 2020rako. Kirol lehiaketa nagusian presentzia izango du, beraz, Olinpiar Jokoak haren sorlekuan, Japonian jokatuko diren urtean. Orain arte izan ez duen dimentsio bat lortuko du horrela. Beldur pixka bat ere badago, ordea, karatearen sektore tradizionalenetan, bere esentzia kolokan egon daitekeelakoan. Horri eusteko ardura dute mundu osoko karate eskoletan. Irunen, Bunkai Karate da erreferente nagusia, 30 urte baino gehiagoko ibilbidea baitarama. Vidal Ogallar maisua izan da arduraduna urte guzti horietan, baina lekukoa pasako du orain.
“Zeinen ondo usaintzen duen!”, esan zion semeak Javier Manzanori, Bunkai karate klubaren egoitzara eraman zuen lehen aldian. Hunkitu egin zen, txikitan ere horixe pentsatu zuela gogoratzerakoan: “Hogeita hamar urtetan, gauza batzuk ez dira batere aldatu”. Vidal Ogallar izan zuen sensei edo maisu, eta orain, haren lekua hartuko du, elkartearen buru, Xabier Lizarribarrekin batera. Bigarrenak ere urteak daramatza karatean, zortzi urterekin, anaiarekin eta lehengusuarekin hasi zenetik: “Oso gazteak izanagatik ere, ondo bereizten genuen, beste borroka-arte batzuekiko”. Manzano judoan hasi zen, baina laster pasa zen karatera, gehiago betetzen zuelako. “Oso haur urduria nintzen, eta karateak baretzeko balio izan zidan”, azaldu du Manzanok.
“Karatearen balioak barneratu egiten ditugu, gure baitan geratzen dira, eta bizitzari begiratzeko betaurreko bihurtzen dira azkenean”
Javier Manzano
Denbora tarte batzuez karatea utzi izan dute biek. Beti bueltatu dira, ordea. “Karateak harrapatu egiten baldin bazaitu, ez zaitu askatzen. Bizimodu bihurtzen da”, argitu du Vidal Ogallar beteranoak. Hiruek baieztatu dute kirol jarduera hutsa baino gehiago dela karatea. Balio sendo batzuk transmititzen dituela, gero bizitzan, orokorrean, aplika daitezkeenak. Javier Manzanok zerrendatu ditu karatearen oinarrizko arauak: “Errespetua, leialtasuna, saiatua izatea, indarkeria baztertzea. Balioak barneratu egiten ditugu, gure baitan geratzen dira, eta bizitzari begiratzeko betaurreko bihurtzen dira azkenean”.
“Karatearen funtsa topatzeko, sakonago miatu behar da”
Xabier Lizarribar
Ez dadin kirol hutsal bilakatu
Bizitzari begiratzeko modu hori da karatearen maitaleek galdu nahi ez dutena. Eta horregatik daude, sektore tradizionalenak, Olinpiar Jokoen beldur. Xabier Lizarribarrek uste du, beharbada, karateak emango duen irudia dela aldatuko dena: “Taekwondoarekin eta judoarekin gertatu da, orain beste edozein kirol diziplinen moduan ikusten direla. Egia da karatearen funtsa topatzeko, sakonago miatu behar dela”. Karate eskoletan transmititzen dute karatearen esentzia, maisuen lanari esker. “Karatearen balioen bidez, pertsonak formatzen ditugu, ez karatekak bakarrik”, aipatu du Vidal Ogallarrek.
Irailan hasi dira ikasturte berriarekin. Sei talde daude, adin ezberdinetakoak. Haurrekin hasten dira, txikitatik karatearen bidea erakusteko asmoz. Dena den, haurrekin lan egitearen zailtasuna azpimarratu du Javier Manzanok: “Zuk baso handi bat duzu buruan, eta haurrak bidearen ertzeko loretxoekin dabiltza oraindik. Horretarako, baliagarria da izan zinen haurra gogoratzea”. Hasiberriak diren helduekin ere lan egin izan du Manzanok, eta kasu horietan, barruan duten haurra azaleratzen dela adierazi du: “Haien beldurrak eta konplexuak alde batera utzi behar izaten dituzte”.
Astean bi entrenamendu egiten dituzte, oso egituratuak, eta karatearen tradizioari lotutakoak. Katek, koreografiak diruditen mugimenduen segidek, pisu handia dute horietan. Bunkai izenak ere horiei egiten die erreferentzia, kataren analisia baita haren esanahia. Hirugarren saio bat egiten dute gero, librea, lehiaketak edo azterketak prestatzeko. Garrantzi handia ematen diote norberak bere kabuz entrenatzeari. Xabier Lizarribarrek aitortu du behin baino gehiagotan joan izan dela, bakarrik, klubeko giltza hartuta, entrenatzera: “Modu horretan izaten dituzun sentsazioak, beste kirol gutxitan lortu ditzakezu”.
12-16 ikasleko taldeak izaten dituzte, normalean, Bunkai-n. Badute jende gehiago hartzeko espazioa, baina ez dute dojo edo entrenamendu lekua bete nahi. “Hasieran, Okinawa irlan, maisu bakoitzak ikasle bati transmititzen zizkion jakintzak. Gaur egun hori pentsaezina da, baina ahalik eta denbora gehien eskaini nahi diogu ikasle bakoitzari”, azaldu du Javier Manzanok. Arantzateko jauna kaleko seigarrenean dagoen egoitzatik has daiteke, interesa duena, karatearen funtsaren bila.