JULEN AGINAGALDE, eskubaloi jokalaria: “Oso sentsazio bereziak izan ditut”
Bidasoaren harrobiak eman duen jokalari arrakastatsuena da Julen Aginagalde. Garaipen zerrenda ederra du irundarrak: Asobal Liga, Asobal Kopa, Errege Kopa, Espainiako Supercopa, Poloniako Liga, Poloniako Kopa eta Munduko Eskubaloi Txapelketa, besteak beste. Munduko jokalari onenen podiumean egon da, eta piboteen artean, onena dela diote adituek. 2006an utzi zuen Bidasoa, duela ia hamar urte. Baina aurten, Artalekura bueltatzeko aukera izan du, Espainiako selekzioarekin Domingo Bárcenas Memorialean parte hartzeko. Torneoa irabazi du bere taldeak, eta urtarrilaren 15etik aurrera, Europako Txapelketan ariko da, Polonian. Garaipena lortzen baldin badute, Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetarako txartela eskuratuko du Aginagaldek.
Eskubaloiak eraman zintuen Irundik kanpo, eta aurten eskubaloiak ekarri zaitu etxera.
Bitxia izan da aurtengoa. Normalean, data hauetan, selekzioarekin kontzentratuta egoten naiz, baina Irundik urrun. Aurten Eguberriak beste modu batean bizi ahal izan ditut, aspaldian ez bezala.
Nolakoa izan da kontzentrazioa Irunen?
Oso berezia. Entrenamenduak Artalekuko pistan edo gimnasioan egin ditugu, eta Urdanibia hotelean hartu dugu ostatu. Senideak eta lagunak gertu izan ditut, eta oso polita izan da dena.
Zein balorazio egingo zenuke Domingo Bárcenas Memorialari buruz?
Guretzat garrantzitsuena Europako Txapelketa da. Erronka horri ekin aurretik, ona izan da Suediaren, Poloniaren eta Brasilen mailako taldeen kontra aritu ahal izatea. Guretzat prestaketan aurrera egiteko partidak izan dira. Uste dut, hala ere, ikusleek gozatu dutela.
“Guretzat, prestaketan aurrera egiteko partidak izan dira”
“Agerian gelditu da zaletasun handia dagoela inguru honetan”
Nolakoa izan da, zuretzat, berriro Artalekun jokatzea?
Polita. Bertan partida asko ikusi ditut, entrenatu eta jokatu ere egin dut Artalekun. Horregatik oso sentsazio bereziak izan ditut. Gainera, Artaleku beteta ikusi dugu. Irungo eta Gipuzkoako zaleak han zeuden, eskubaloia ikusten. Agerian gelditu da zaletasun handia dagoela inguru honetan.
Europako Txapelketa duzue orain buruan. Domina helburu?
Domina, eta ahal dela, Rio 2016rako plaza olinpikoa. Besteen asmoa ere horixe izango da, eta gogorra izango da lehia.
Gainerakoan, zer moduz doakizu denboraldia Polonia aldean?
Ligan ondo ari gara, azken denboraldietan bezala. Sailkapeneko lehen tokian gaude. Txapeldunen Ligako multzoan bigarren postuan gaude, Bartzelonaren atzetik. Uste dut momentu onean gaudela, ea Europako Txapelketatik denak sasoian bueltatzen garen. Orain arte eramandako bideari eusten baldin badiogu, urrun helduko gara.
Hirugarren denboraldia duzu jada Kielcen. Gustura?
Oso gustura. Herrira eta taldera aspaldi egokitu nintzen. Egia da eskubaloi ezberdina topatu dudala. Asobal Ligan taktikoagoa da, Polonian, berriz, fisikoagoa. Baina azken finean, eskubaloia da, eta ondo moldatzen naiz.
Bost urteko kontratua sinatu zenuen. Betetzeko gogoz?
Gezurra dirudi, erdia egin dut jada, eta ziztu bizian pasa zait. Kontent nago, eta espero dut kontratua bete ahal izatea.