JUANMA GARATE MARTXA IGANDE HONETAN OSPATUKO DA

2022/06/08
JUANMA GARATE MARTXA IGANDE HONETAN OSPATUKO DA

Bi urteko geldialdiaren ondotik, ekainaren 12an Juanma Garate Martxaren XI. edizioa egingo da Irunen

Atzo, ekainak 7, XI. Juanma Garate Martxaren aurkezpena egin zuten Iñigo Lavado jatetxean. Bertan izan ziren, Juanma Garate bera, Edurne Izagirre Irunes Txirrindularitza Klubeko lehendakaria eta Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol zinegotzia. Pandemiaren ondorioz, bi urtez antolatu ezinda, berriz ere bueltan da Juanma Garateren izena duen lasterketa eta igande honetan ospatuko da, ekainaren 12an.

Edurne Izagirrek, Irunes Txirrindularitza Klubeko lehendakariak, aurkezpenean adierazi zuenez, “zailtasun handiak izan ditugu martxa aurrera ateratzeko baina hemen gaude”. Azken bi urteetan klubak ezin izan du ezer antolatu eta, lan gogorra egin behar izan badute ere, lortu dute aurten lasterketaren XI. edizioa antolatzea. Aurtengo helburua “festa bat” egitea izango da eta “norberak bere gaitasunen arabera bere helburua lortzea”. Horretarako ez da sailkapenik egingo eta gainera, bi ibilbide desberdin prestatu dituzte, bat laburra (72 km) eta bestea luzea (122 km).

Lasterketaren irteera eta helmuga Irungo San Juan Harria Plazan egongo da kokatuta eta goizeko 8:00etan emango zaio hasiera martxako bi ibilbideei. Helmuga berriz, eguerdiko 14:06etarako dago aurreikusita, ibilbide luzearen denboraren arabera. Lasterketan zehar, gainera, bi anoa gune egongo dira, Endarako urtegian (48. kilometroan, bi ibilbideetarako) eta Gurutzen (91. kilometroan, ibilbide luzerako).

Izen-emateko epea ostirala arte, ekainak 10, egongo da irekita eta soilik internet bidez egin ahalko da, www.lajuanmagarate.com webgunean, edota zuzenean www.kirolprobak.com helbidean. Dortsalak biltzeko berriz, bi egun izango dituzte partehartzaileek. Alde batetik, larunbatean, ekainak 11, San Juan Plazan bertan biltzeko aukera egongo da, 18:00etatik 20:30era, baita igande goizean ere, 6:30etik lasterketa hasi baino hamar minutu lehenagora arte.