JUAN JOSÉ ARAMBURU, tiratzailea: “Garrantzitsua da egindako lanean konfiantza edukitzea”

2016/04/26
JUAN JOSÉ ARAMBURU, tiratzailea: “Garrantzitsua da egindako lanean konfiantza edukitzea”

Irribarrez zabaldu du Juanjo Kako Aramburuk Bidasoko Ehiztarien eta Arrantzaleen Elkarteko atea. Eltzean dagoen basurdearen aroma du egoitza guztiak. Gauerako afaria prestatzen ari da Kako, lagunak lanean dauden bitartean. “Horrelaxe entrenatzen du tiratzaile profesional batek”, bota du, txantxetan. Mundu osoan zehar lehiatzen ibiltzen da Aramburu, baina zukua ateratzen die Irunen pasatzen dituen egunei. Elkarrizketaren bezperan, omenaldi txikia jaso du Irungo Udalean, Zipreko Munduko Kopan lortu duen brontzezko domina dela eta. Aramburu familiaren ordezkaritza handi bat izan da bertan.

Basurdeak behar duen ura erantsi, sua apaldu, eta mahaian eseri da kafearekin. “Kirol hitzaldi bat eman behar dut, geroxeago deituko dizut”, azaldu dio telefonoz deitu dion lagunari. Umore-sena du Kakok, baina serio hitz egin behar duenean, ahoan bilorik gabe aritzen da. Joko Olinpikoetan parte hartzeko txartelik ez duen arren, Riorako sailkatu ez izanak ez dio loa kendu. Hogeita hamalau urte ditu, hamabi daramatza goi mailan lehiatzen, eta palmaresaren tamainak ez du kezkatzen. Bideragarri zaion bitartean, tiratzaile profesionalaren bizimoduaz gozatzen jarraituko du.

Denbora asko zeneraman mundu mailako podiumetatik kanpo. Berdin entrenatu eta lehiatu al duzu?

Bai, baina maila honetan ez dago aurkari txarrik. Denek entrenatzen dute, eta oso zaila da finaletan sartzea, hasteko. Ehun tiratzaile gabiltza antzeko mailan, hortaz, sartzeko probabilitatea txikia da. Joan den urtean hurbil izan nituen bizpahiru podium, baina azkenean ez nuen lortu. Hala ere, ez nintzen gehiegi kezkatu. Hori baita arruntena.

Aurten, zure mailako kirolari askok Joko Olinpikoak izango dituzte buruan. Zuk jada ez duzu aukerarik. Beste helburuak jarri dituzu?

Uztailan Italian jokatuko dugun Europako Txapelketa da helburu nagusia. Zergatik? Federazioek eta gainerako erakundeek asko baloratzen dutelako, Munduko Kopak baino gehiago.

Gustatuko litzaizuke hurrengo Joko Olinpikoetan domina lortzeko lehiatzea?

Tokiorako sailkatzen saiatuko naizela, ziur. Dena den, dominak ez nau itsutzen. Joko Olinpikoetara joan aurreko lau urteetan egindako lanaz, eta bide horretan lagundu dizuten pertsonez gozatzea garrantzitsuagoa iruditzen zait.

“Egokiena da denboraldiko bilakaera aztoratuko duen ezustekorik ez gertatzea”

Horren helburu zehatzak izanik, zaila al da sasoi onenean iristea hitzordura?

Oso zaila da. %100 asmatzen duena, munduko onena da. Eragina duten faktore asko daude: entrenamenduak, aurreko lehiaketak, ohiturak, konfiantza etab. Egokiena da denboraldiko bilakaera aztoratuko duen ezustekorik edo eragozpenik ez gertatzea. Baina dena aurreikusitako moduan betetzen baldin bada ere, lehiaketaren egunean beste ezaugarri baldintzatzaile asko daude: tiro zelaia, eguraldia, egokitzen zaizun aurkari multzoa etab.

Zein entrenamendu mota egiten du tiratzaile olinpiko batek?

Abenduan edo urtarrilean hasten gara normalean. 10-15 egunez entrenamendu fisikoa eta teknikoa egiten dugu. Teknikari dagokionez, atsedena hartzen dugu gero, eta fisikoa lantzen jarraitzen dugu. Denboraldiaurrean, gorputz-enborra eta besoak lantzen ditugu bereziki, fondoaz gainera. Gero, lehiaketen garaian, sentsazioen arabera entrenatzen dugu. Asmatzea ez da erraza, esperientziari esker lortzen da.

“Aurreikusi ez dituzun parametro asko egon daitezke lehiaketetan”

Lehiaketan, zeintzuk dira kontuan hartu beharreko faktore nagusiak?

Ezinbestekoa da aldez aurretik entrenatzea. Bestela, alferrik da ahalegin berezia egitea. Garrantzitsua da, baita ere, egindako lanean konfiantza edukitzea. Dena den, esan bezala, aurreikusi ez dituzun beste parametro asko egon daitezke. Bestalde, zein gaitasun edo trebezia eduki behar duen tiratzaile batek? Konstantzia eta konfiantza. Psikologiari dagokionez, ez nuke jakingo esaten. Beste tiratzaile askorekin hitz egin izan dut, eta bakoitzaren ikuspegiak zeharo ezberdinak dira. Nik, adibidez, nire burua animatzen dut momentu batzuetan, baina beste batzuek nahiago izaten dute ezertan ere ez pentsatu, eta kontzentratu, besterik gabe.

Nola erabaki zenuen tirotzaile profesional izateko apustua egitea?

Lehiatzen hasi nintzenean, hamasei urte nituen. Orduan ez nuen erabakiak hartzeko aukera handirik. Ikasketak amaitu nituenean, 2004an, gurasoei galdetu nien ea utziko zidaten lau urte entrenatzera dedikatzea. Baimena eman zidaten, eta apustu hori egin nuen. Entrenatzaile batekin hasi nintzen, planifikazio estuarekin. 2008an Beijingo Joko Olinpikoetara joateko aukera izan nuen, eta zortzigarren gelditu nintzen. Apustua ondo atera zen, eta aurrera egin dut, gaurdaino.

Bekak eta laguntzak dituzu diru-iturri?

Tiroketaren moduko kiroletan, zailtasun handienetako bat da emaitzen arabera jasotzen ditugula laguntzak. Emaitza onak ditugunean, erraz lortzen ditugu. Emaitzak kaskarragoak direnean, ordea, azkar ematen digute bizkarra. Momentu honetan, federazioaren babesa besterik ez dut. BAT Basque Team-en eta Kirolgiren erantzunaren zain ari naiz.

Beste zailtasun bat ere gehitu behar zaio. Aurreko urteko emaitzen arabera jasotzen ditugula laguntzak. Nik, entrenatzeagatik eta lehiatzeagatik, ez dut soldatarik jasotzen. Emaitzak lortzen ditudanean, ordainsaria jasoko dut, baina hurrengo urtean. Dirua aurreztu behar izaten dut, urte txarren ondoren entrenatzen jarraitu ahal izateko. Nabarmentzekoa da beste herrialde batzuetan baldintza askoz hobeak dituztela.

Fakturak ordaindu ditzakedan bitartean jarraituko dut”

Baldintza horietan, noiz arte eutsiko diozu bizimodu profesionalari?

Sinplea da. Fakturak ordaindu ditzakedan bitartean jarraituko dut. Bizitzeko adina ematen ez didanean, utzi egingo dut. Bitartean, ni gustura ari naiz. Osasun arazoren bat edukiz gero ere utziko nuke, baina momentuz platerak ikus ditzaket.

Omenaldi txikia egin zizuten udalean, Zipretik bueltan. Pozik herrian jasotako aitorpenarekin?

Ondo dago, noski. Udalbatzako kide batzuekin harreman ona dut. Udaletik kanpo, kalean gelditzen naute, nire ibilbideagatik galdetu eta zoriondu egiten naute. Beste batzuek ez, ordea. Nolanahi ere, udalak beste modu eraginkorragoetan lagundu dezakeela iruditzen zait. Arlo ekonomikoan sartu gabe, kirol azpiegiturak erabiltzeko erraztasunekin, esate baterako.