JOXEAN LEGORBURUK JARRAITUKO DU BETERANOEN PRESIDENTE IZATEN
Larunbatean Real Unioneko Beteranoen Elkarteak egindako Urteroko Bileran berraukeratu zuten Legorburu
Aurreko larunbatean Real Unioneko Beteranoen Elkarteak 43. Urteroko Bilera ospatu zuen Kostorbe Alde kalean duen egoitzan. Bertan, Joxean Legorburu berraukeratu zuten Beteranoen presidente gisa. Legorburuk 2017tik darama presidente lanetan, elkartea sortu zenetik hain zuzen ere.
Joxean Legorburuk ibilbide luzea du futbol munduan, baita Real Union Klubean ere. San Martzial eta Roca taldeetan hasi zuen bere futbolari bizitza, eta 81/82ko denboraldian iritsi zen Real Unioneko lehen taldea. 84/85ean Oiartunen egon ondotik, hurrengo denboraldian itzuli zen klub txuribeltzera eta bertan aritu zen 94/95eko denboraldian erretiroa hartu zuen arte. Tartean, 1993an Bigarren B mailan ibili zen irundarrekin eta urte horretan Klubaren Urrezko Intsignia eman zioten lehen taldeko jokalari bezala hamar urte zeramatzalako.
Erretiroa hartu ondoren, Legorburuk ez zuen Real Union baztertu. Izan ere, bertan jarraitu zuen kadete eta jubenil mailako taldeak entrenatzen, eta 99/00 denboraldian Liga Nazionalera igotzea lortu zuen. 2017tik aldiz, Beteranoen Elkartea sortu zenean, bertako presidente izendatu zuten eta geroztik, lan horretan dihardu. Aurreko larunbatean, gainera, Beteranoek egindako batzarrean presidente izaten jarraitzeko berraukeratu zuten elkarteko kideek.