JON AZKUE ETA RODRIGO SALINAS BELAUNEAN MINA HARTUTA
Bidasoak jakinarazi duenez, Azkuek bihurritu bat du eskuineko belaunean eta Salinasek kanpoko meniskoaren alterazioa eta plika sinobiala
Bidasoa klubak atzo jakitera eman zuenez, Jon Azkue eta Rodrigo Salinas minduta daude eskuin eta ezker belaunetik, hurrenez hurren. Hainbat froga egin eta gero, bi jokalariek osasun partea jaso dute, baita zein izango den beraien bilakaera ere.
Alde batetik, Bidasoako kapitainak Huescaren aurkako neurketan kolpe bat jaso zuen eta “II/III graduko bihurritua du eskuin belauneko alboko lotailuan”, osasun parteak dioenez. Errekuperazio-denbora oriotarraren bilakaeraren araberakoa izango dela ere aipatu dute.
Rodrigo Salinasi berriz, irudi probak egin dizkiote azken egunetan eta bertan, “ezker belaunean kanpoko meniskoaren alterazioa eta plika sinobiala” ikusi dute. Hau dela eta, jokalariari ebakuntza egin beharko diote hurrengo egunetan. Honen errekuperazio-denbora ere lesioaren bilakaeraren araberakoa izango dela azpimarratu dute.