JAVI CAMPO, NACHO TORRESCUSA ETA JORGE MARTINEZ ARIKO DIRA ALEX MOZASEKIN BATERA BIDASOAN LANEAN

2024/01/09
JAVI CAMPO, NACHO TORRESCUSA ETA JORGE MARTINEZ ARIKO DIRA ALEX MOZASEKIN BATERA BIDASOAN LANEAN
Julen Aginagalde kirol zuzendariak adierazi duenez, lan talde berri honekin gehiagora joan nahi izan dute Irungo klubeanCD Bidasoak heldu den denboraldiko talde tekniko berria aurkeztu du. Alex Mozas lehen entrenatzailearekin batera, Javi Campo bigarren entrenatzailea, Nacho Torrescusa prestatzaile fisikoa eta Jorge Martinez atezaren entrenatzailea ariko dira lanean. Hiru hauek ere Bidasoaren harrobiarekin lan eginen dute eta bertako koordinatzaileak izanen dira alor desberdinetan. Javi Campok lau denboraldi eman ditu dagoeneko Alex Mozasekin batera lanean, eta heldu den urtea bostgarrena izanen dute biak. Batcho BM Torrelavegako bigarren entrenatzaile da orain, eta aitzinetik ere ongi ezagutu du Kantabriako eskubaloi mundua, bertako selekzio ezberdinetan egon baita. Honez gain, Sierra Nevadako Errendimendu Handiko Zentroko kirol teknifikazio proiektuak dago sartuta. Bidasoan, bigarren entrenatzailea izateaz gain, harrobiko korrodinatzailea ere izanen da, Eskubaloi Eskolatik hasita Hondarribia Eskubaloia filialera arte doazten kategoria guziekin lan eginda. Nacho Torrescusa berriz, Espainiako Eskubaloi Federazioaren prestakuntza fisikoaren arduraduna da gaur egun, bai harrobian baita maila absolutuan ere. Arlo honetan ikasketa zabalak eginak ditu eta horregatik, Irungo klubean ere hortaz arduratuko da, lehen taldean eta harrobian ere.Azkenik, Jorge Martinez hainbat taldeetan izan da atezaina bere ibilbide profesionalean (Club Balonmano Valladolid, BM Valencia, Club Balonmano Antequera eta BM Logroño La Rioja), eta horrez gain, hamalau aldiz izan zen nazioarteko jokalaria ere. Gaur egun Espainiako emakumeen selekzio absolutuan dabil lanean atezainen entrenatzaile moduan, baita Espainiako gazteen selekzioarekin ere. ASOBAL Ligako, Iberdrola Ligako eta Zilarrezko Ohorezko mailako entrenatzailea ere izandakoa da eta heldu den urtean, Bidasoan ariko da lanean. Julen Aginagalde kirol zuzendariak balorazio positiboa egin du talde tekniko berriaren inguruan. Harrobiaren eta lehen taldearen garapenerako ezinbertzekoak izanen direla azpimarratu du: "Oso pozik gaude talde tekniko berri honekin, egin nahi genuen zerbait zen: eboluzionatu alderdi askotan, hala nola beheko kategorietako lana. Badakigu lan ona egin dela orain arte, baina gehiagora joan nahi genuen, eta horregatik sartu genituen hiru pertsona horiek. Bi entrenatzaile izatetik lau izatera pasako gara, eta hori bilatzen genuen, hobetzen joatea". Borja Burguete bigarren entrenatzaileak eskubaloia utziko duTalde tekniko berria iragartzearekin batera, Borja Burguete Sagarzazuk, egungo Bidasoa Irun taldeko bigarren entrenatzailea eta harrobiko Zuzendari Teknikoak, talde utziko duela ere aipatu du. Eskubaloi profesionaletik kanpo erronka berriei ekingo dio Burguetek, azken urteetan betetzen zituen alderdi profesionalak bere gain hartuz. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan graduatua eta Kirol Kudeaketan aipatua, Burguete bidasotar harrobiko jokalaria izan zen, non bere entrenatzaile ibilbidea 2014. urtean hasi zuen, hainbat urtez eskola-prestatzaile izan ondotik. 2015/2016 denboraldian lehen taldeko bigarren entrenatzaile izendatu zuten Zilarrezko Ohorezko Mailan, Fernando Bolea entrenatzaile zela, eta hurrengoan ASOBALn jarraitu zuen, Jacobo Cuetara teknikari zela. 2017/2018 denboraldian, talde filialaren lehen entrenatzailea izan zen, eta 2021eko apirilean, Bidasoako harrobiko Zuzendari Tekniko izendatu zuten. Izendapen hori erabaki estrategikoa izan zen klubaren prestakuntza eta kirol ereduaren koordinazioa sendotzeko, Eskubaloi Eskolan hasi eta lehen taldera iristen baita. Klubak eskerrak eman nahi dizkio Borjari urte hauetan erakusten ari den inplikazioagatik eta konpromisoagatik, bere etorkizun profesional eta pertsonalean onena opa baitio. Borja Burguete Sagarzazuren esker oneko gutuna: “Kaixo, bidasotarrak. Gaur jakinarazi behar dizuet ez dudala datorren denboraldian CD Bidasoan profesionalki nire ardurak hartzen jarraituko. Erronka berriei aurre egiteko erabakia hartu dut, eta eskerrak eman nahi dizkiot klubari urte guzti hauetan nigan jarritako konfiantzagatik eta erabaki hori hartzeko erraztasunagatik. Familia handi honetara iritsi nintzen lehenengo jokalari bezala. Etapa horretan une onak bizi izan nituen eta kirol honetaz gozatu nuen. Lesio batek kantxatik aldendu ninduen, eta Artalekuk beti babestu ninduen eta maitasun handia eman zidan. Zorionez, lehenengo Fernando Bolearekin eta gero Jacobo Cuétararekin, eskubaloiaz gozatzen jarraitu ahal izan nuen, nire aletxoa emanez. Eskerrak eman nahi dizkizuet biei eta zuzendaritza-batzorde guztiei nire pertsonarekiko konfiantza jartzeagatik, talde teknikoko kide izateko. Bederatzi urte eman ditut bigarren entrenatzaile gisa, eta nire onena eman dut arrakastak lortzeko. Europako esperientziak, Ligako eta ASOBAL Kopako txapeldunordetzak, Artalekuko arratsaldeak garaipenekin dardarka... Hori guztia betiko eramango dut! Gainera, gure Bidasoaren etorkizunarekin lan egiteko aukera izan dut. Gazteen prestakuntzan parte hartu ahal izatea, klub honen balio segurua dena, oso pozgarria izan da. Lanordu asko izan dira, eta pistan ikusi da fruituak eman dituztela. Bidasoako harrobiak ibilbide luzea du oraindik, eta ziur nago poz asko emango dizkigula, eta horretan jarraituko dut nire ilusio guztiarekin. Baina etapa hau oraindik ez da amaitu, eta erronka asko ditugu aurretik denboraldia amaitu arte. Erronka horiek lortzeko borroka egingo dugu guztion artean. Bidasoa izan da, da eta beti izango da nire pasioa eta nire familia. Joaten naizen tokian beti ikusiko nauzue bufanda horiarekin. Eskerrik asko guztioi. AUPA BIDASOA!”