“JAURTIKETETAN POTENTZIA HANDIA DUEN TALDEA DA PUENTE GENIL”
Bidasoak lehen itzulian garaitu zuen Puente Genil jasoko du larunbatean Artalekun (18:30ean). Denboraldi amaierako final berria izango da talde irundarrarentzat.
Lehen itzulian Puente Genil garaile.
Lehen itzulikoa eta bigarrenekoa neurketa zeharo desberdinak izango dira. Puente Genilen jokatutako neurketan Bidasoak ez zuen bere eskubaloi onena erakutsi, eta Sacyr Asobaleko bigarren porrota jasan zuen (26-23). Etxean ala kanpoan jokatu, Angel Ximenez Avia-Puente Genil taldearen errendimendua aldakorra da, hori baliatu nahiko du Bidasoak 51.puntura iristeko.
Beste final bat, eta dagoeneko bost dira horrelako kartelarekin izenpetu eta jokatu dituzten neurketak. Aurtengo Sacyr Asobal Ligan goialdean dauden taldeak oso ziurrak izaten ari dira puntuak eskuratzeko orduan, Bidasoak jardunaldiz jardunaldi bi puntuak eskuratzea behartuta ikusten du bere burua. “Geroz eta gertuago dugu bigarren postua, baina atzetik ditugun taldeek ez dute partidurik galtzen, horrek partidu guztiak erabakigarriak bihurtzen ditu”, adierazi du Jacobo Cuetarak, Bidasoako teknikariak. “Egoera onean gaude, gu gara bigarren sailkatuak eta gure lana aurrera ateratzen badugu, gainontzeko taldeek ez dute ezer egiterik”, gehitu du Cuetarak. Europako plazak eta bigarren postua erabakita uzteko faborito nagusia da Bidasoa eta etxeko lanak ondo egiten baditu, helburuak beteko ditu.
Horretarako, larunbatean, Puente Genil mendean hartu beharko du. Talde zaila eta deserosoa da, baina kanpoan jokatzen duen bakoitzean, taldeak duen maila zertxo bait apaltzen da. “Etxean hobe aritzen den taldea da, baina oso talde potentea da. Esango nuke Asobal Ligako jaurtiketetan potentzia handienetarikoa duen taldea dela”, aipatu du Bidasoaren entrenatzaileak.
Lehen itzuliko emaitza bera gertatu ez dadin, Bidasoako entrenatzaileak argi du talde irundarrak, orokorrean, maila hobetu behar duela: “hobeago jokatu behar dugu, ez genuen neurketa ona egin joanekoan eta akats ugari egin genituen. Partiduko alor guztietan hobetu behar dugu”. Gainera, azken jardunaldietako errendimendua hobetu behar duela ohartarazi du Cuetarak: “Puente Genilek azken jardunaldietako maila handitzera behartuko gaitu. Nahiz eta garaipenak erdietsi ditugun, hainbat zailtasun izan ditugu neurketak aurrera ateratzeko. Puente Genilen aurka ezin ditugu azken jardunaldietan eginiko hainbat akats egin”. Jacobo Cuetararen aburuz, honako hauek izango dira norgehiagokako gakoak: “Bidasoak bere maila ematea eta defentsako lana ondo gauzatzea”.
Harrobiko jokalarien itzulera.
Dicsa Modular Cisneren eta BM Villa de Arandaren aurka jokalari justuekin neurtu zituen indarrak Bidasoak. Harrobiko taldearen hitzorduek eta azken unean Sergio de la Saluden bajak baldintzatu zuen taldearen deialdia. “Villa de Arandaren aurkako neurketara bazirudien Sergio de la Salud iritsiko zela, baina azkenean ez zen horrela izan. Arriskatu egin genuen eta, zorionez, ondo atera zitzaigun; aste berean 4 puntu eskuratu genituen”, adierazi du Cuetarak.
Azken unera arte ez dugu jakingo Sergio de la Saludek Puente Genilen aurka jokatuko duen ala ez. Dakiguna da Martin Santano eta Gorka Nieto gazteak deialdira itzuliko direla. “Harrobiko bi jokalari igoaraziko ditugu Puente Genilen aurka jokatzeko. Urruzola min hartuta aurkitzen da eta Eneko Furundarena eta Tao Gey-Emparan jubenil mailako taldearekin Espainiako Sektoreko txapelketa jokatzera bidaiatu dute”, argitu du Bidasoako entrenatzaileak.
Liberbank Cantabria Sinfín Asobal Kopako arerioa.
XXXI. Sacyr Asobal Liga ekainaren 5 eta 6an jokatuko da eta jada badakigu zein talde egokitu zaio BIdasoari. Zoriak etxeko taldearen aurka jokatzea erabaki zuen, Liberbank Cantabria Sinfinen kontra, alegia. Beste kanporaketan, Barcak eta Bada Huescak neurtuko dituzte indarrak. Asobal Kopa jokatuko duten hiru taldeetatik, Sacyr Asobal Liigako sailkapenean puntu gutxien dituen taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak finalerdietan.
Jacobo Cuetara “pozik” agertu da; izan ere, “inork jokatu nahi ez duen taldea saihestea lortu dugula” adierazi du. Entrenatzaileak garrantzi handia eman nahi izan dio denboraldia txapelketa honekin bukatzeari: “guk geuk ematen diogu garrantzia Asobal Kopari. Lehen itzuliko hiru sailkatuak hartzen dute parte eta Barcarekin batera, bakarrak gara azken hiru denboralditan jokatzeko aukera izan dugunak”.
Santanderrera “ilusioz beterik” bidaiatuko dutela adierazi du Cuetarak, Asobal Kopako finala hirugarrenez jarraian jokatzeko asmo betearekin. Finalaren aurretik, Liberbank Cantabria Sinfín etxeko taldea mendean hartu beharko dute, ““aurten bineurketak irabazi dizkiegu, baina oso gogotsu arituko dira euren jendearen babesarekin, finalerasailkatu nahiko dutelako”.
1992-1993 denboraldian Asobal Kopako garaikurra eskuratu zuen Bidasoak, momentuz, talde irundarraren egoitzetako apaletan dagoen bakarra. Beste hirutan izan da txapeldunorde: 1991-1992, Santanderren; 2018-2019, Lleidan; eta 2019-2020, Valladoliden.