Jaun eta jabe izan da Hondarribia asteburuan
Kolpe latza eman dio Hondarribia Arraun Elkarteak San Miguel Ligari. Asteburuko bi banderak irabazi ditu, indar erakustaldi ikusgarriak egin ondoren. Itsasoan bakarrik ez, ibaian eta baita erlojuaren aurkako lehian ere bikain aritzeko ahalmena duela erakutsi du Ama Guadalupekoak. Larunbatean Orion irabazi du, erlojuaren kontra, 19:15:88ko denborarekin estropada eremuko marka hautsita. Kaikuk eta Oriok ere maila handia eman duten arren, ez dira gai izan Hondarribia menderatzeko.
Igandean Portugaletek hartu du Kaiku elkarteak antolatutako Ambilamp Bandera. Ur korronteen aldaketek Ohorezko Txandako traineruei egin diete mesede. Horien artean, Hondarribia Arraun Elkartea izan da nagusi. Hasiera parekatuaren ondoren, abiada hartu eta ihes egin du Ama Guadalupekoak. Zazpi segundoko aldea lortu du uretan Urdaibairekiko. Alde ofiziala hamarrekoa izan da, hiru segundoko zigorra jaso duelako Bou Bizkaiak, irteeran tosta bat hautsi ondoren. Sailkapen nagusian, hamabi puntuko errenta du jada Hondarribia liderrak.
Lau bandera guztira
Lau bandera astindu dituzte arraunlari hondarribiarrek herrian egindako harreran. Asteazkenean, Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen Hondarribiak Donostian. Larunbatean, Plentziako Bandera eskuratu zuen Hondarribia B ontziak.