JAUME GUARDEÑOK (CAJA RURAL ALEA) IRABAZI DU BIDASOA ITZULIA

2023/05/09
JAUME GUARDEÑOK (CAJA RURAL ALEA) IRABAZI DU BIDASOA ITZULIA

Gomur taldeko Daniel Martin izan zen bigarren eta Finisher taldeko Pablo Carrascosa hirugarren

Bidasoa Itzuliko 49. edizioaren garailea Caja Rural Aleako Jaume Guardeño izan da, ohi bezala, azken etapan erabaki ondotik. Bere gibeletik, Gomur taldeko Daniel Martin eta Finisher taldeko Pablo Carrascosa sailkatu ziren. Eskualdeko txirrindulariei dagokionez, Eibar Txirrindulari Taldeko Haritz Sein irundarra izan zen sailkapeneko lehen bidasotarra.

Hiru eguneko Bidasoa Itzulia ospatu da aurten ere eskualdean. Lehen jardunaldian, Irundik atera eta Hondarribiara iritsi ziren txirrindulariak, zehazki Kale Nagusira. Bertan, Louis Sutton (Aix en Provence) izan zen irabazlea, baita lasterketaren lehen liderra ere. Egun hartan, Eibar Txirrindulari Taldeko Jon Morillo irundarra tarteko helmugetako liderra bilakatu zen.

Bigarren etapan berriz, Bagordin (Baztan) bukatzen zen jardunaldian, Finisher taldeko Hugo Aznar helmugaratu zen lehen postuan. Lider aldaketa ere egon zen bigarren egun hartan eta 130 kilometroak osatuta, Telcom taldeko Marc Cabedok jantzi zuen maillot horia. Morillok ere bere maillot laranja mantendu zuen Bagordiko etaparen ondotik.

Hirugarren eta azken etapak ohiko bidea segitu zuen aurten ere. 74 kilometroak osatu ondotik, Irungo Kolon Pasealekuan Finisher taldeko Pablo Carrascosa nagusitu zen, Gomurreko Samuel Fernandez eta Caja Rural Aleako Jaume Guardeñoren aitzinetik. Behin-betiko maillot horia ere azken honek eraman zuen eta horrela, Guardeño izan zen 2023ko Bidasoa Itzuliko garailea, baita erreguralitatearen irabazlea ere.

Tarteko helmugen irabazlea azkenik, Daniel Cavia (Gomur) izan zen eta mendikoa bere taldekide den Samuel Fernandez. 20 urtez azpiko liderra Baque taldeko Xabier Cerro bilakatu zen, lehen gipuzkoarra Nicolas Alustiza (Laboral Kutxa) eta taldea Finisher izan zen garailea. Honez gain, Euskaldun txapelketako liderra Caja Rural Alea taldeko Julen Arriola-Bengoa izan zen. Eskualdeko txirrindulariei dagokionez, Haritz Sein (Eibar Txirindulari Taldea) irundarra izan zen sailkapeneko lehen bidasotarra.