Jarraipena emango dio Super Amara BATek Gabonetako Krosari
Joan den urtean jarri zuen martxan Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak Gabonetako Krosa lasterketa. Harrera ona izan zuen, 767 parte hartzaile izan baitziren proba nagusian, eta 600 haurren lasterketetan. “Oso pozik gaude aurreko edizioaren arrakastarekin”, onartu du Ibon Muñoz BATeko kirol zuzendariak. Hori dela eta, segida emango diote. Formula errepikatuko dute, baina berrikuntzak gehituko dizkiote, bilakaera izan dezan.
Festa giro batean inguratu nahi izan du hasieratik BATek Gabonetako Krosa. Eguberriei hasiera emateko ekitaldia izan dadin nahi dutela onartu du Ibon Muñozek. Horregatik, beste zenbait jarduera antolatu zituzten iaz, lasterketen inguruan. Aurten, eskaintza zabaldu egingo dute. “Hobetu beharreko alderdiei buruzko oharrak hartu genituen lehengo urtean. Beste hobekuntza batzuk ere pentsatu ditugu, lasterketak giro herrikoiagoa izan dezan”, azaldu du Ibon Muñozek.
Edonola ere, lasterketak izango dira ekimenaren erdigune. Haurren probak 15:30ean hasiko dira, Luis Marianon. Adinen araberako lasterketak egingo dituzte. Ez da proba lehiakorra izango. Ez da saririk egongo, baina parte hartzaile guztiek merienda eta motxila jasoko dituzte. 700 dortsal banatuko dituzte aurten haurren artean. Hala ere, Ibon Muñozek argi utzi du ezin dutela kopurua gehiago handitu: “Lasterketaren kokapenagatik, muga bat jarri beharra dugu”. Ondorioz, lehenbailehen izena ematea gomendatu dute.
Helduen lasterketa 16:45ean hasiko da. Irteera lekuz aldatuko dute, Gipuzkoa hiribidetik, Colon ibilbidera. Zabaltza plazaren parean egongo da, baina errepidean. Erdigunea, San Migel auzoa eta Dunboa zeharkatuko dituzte korrikalariek. 5 km-ko ibilbide laburra izango da, erosoa ia edonorentzat. “Maila duten korrikalariek ere gustuko dute distantzia. Joan den urtean marka onak izan diren lehen sailkatuen artean”, gogoratu du Muñozek. Bi zailtasun ditu lasterketak: Hondarribia kaleko eta Nafarroa ibilbideko maldak. “Bigarrena bereziki, gogorra egiten da, ia amaieran dagoelako”, gogoratu du Muñozek.
Lasterketaren ondoren, festa
Helmuga ez dute aldatu. Luis Marianoko oinezkoentzako gunean egongo da. Esfor-tzua amaituta, saria izango dute korrikalariek. Bina pintxo hartu ahal izango ditu bakoitzak, inguruko tabernetan. Bidashop merkatarien elkarteak emandako sarien zozketan sartuko dira, gainera. Sari banaketarekin batera egingo dute zozketa. Sariak ez dituzte dirutan emango, Super Amaran gastatzeko txarteletan baizik. Bakarkako sariak egongo dira eta taldekakoak ere bai. Bigarrenean parte hartzeko, infogabonetakokrosa@gmail.com web gunean eman daiteke koadrilaren izena.
Sari berezi bat ere emango dute, lasterketaren jai giroarekin lotura duena. Mozorroen lehiaketa bat egingo dute, 5 km-ko lasterketako korrikalarien artean. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, irteeran egongo den photocall-ean argazki bat atera beharko dute. Bestalde, lasterketarekin lotutako argazkien lehiaketa prestatu dute, AFI Irungo Argazkilaritza Elkartearekin batera.batfotografia@gmail.com helbide elektronikoan jasoko dituzte argazkiak, 2016ko urtarrilaren 15era arte.
Behar Bidasoari babesa
Joan den urtean, Hondarribiko San Silvestre lasterketarekin senidetuta jaio zen Gabonetako Krosa. Eskualdeko lasterketen arteko lehiarik nahi ez zutela azaldu zuen orduan Ibon Muñozek. Horregatik, izen- emate bakoitzeko euro bat Hondarribiko lasterketa antolatzen duen Sport Mundi fundazioari eman zioten, bere elkartasun ekimenetarako. Bi lasterketetan parte hartu zuten korrikalarientzat sari bereziak ere eman zituzten. Aurten bideak banatu dituzte, baina tirabirarik izan ez dela argitu du Muñozek: “Harremana ona da gure artean”.
Gobernuz Kanpoko Erakundeei laguntza ematen jarraituko du, hala ere, Gabonetako Krosak. Parte hartzaile bakoitzeko euro bat jasoko du Behar Bidasoak, Ruandan egiten ari den lanera bideratzeko. “BAT ere GKEtzat har daiteke, egiten duen lan guztia kontuan hartuta”, azpimarratu du Behar Bidasoako Luis Mari Elosegik.
Izen-emateak www.kirolprobak.com web gunean, Leire Sport-en edo Hondarribiko Papycop-en egin daitezke. Haurrentzat doakoa izango da. Helduek, 14 euro ordaindu beharko dituzte abenduaren 1etik aurrera, eta 18 euro lasterketaren egunean. Izena ematen duten lehen 750 korrikalariek buff bat jasoko dute opari. Denei kamiseta eta korrikalariaren poltsa emango diete. Lasterketako aitabitxia Juanma Garate txirrindulari ohia izango da. “1 zenbakia eramango dut, baina ez pentsa lasterketaren buruan egongo naizenik”, aurreratu du Garatek. Festa giroan murgilduko da txirrindulari ohia.