JARDUNALDI HOBEAK IRITSIKO DIRA
Lekaenea Mahai Tenis taldeak gutxigatik ez zuen lortu Champions Leagueko lehen garaipena, baina Anger TT taldeak 3-2 garaitu zuen
Lekaenea Mahai Tenis klubeko gizonezko taldeak Champions Leagueko bigarren jardunaldia jokatu zuten asteburuan eta gutxigatik izan bazen ere, bigarren porrota jasan zuten. Lehen neurketako hirukote berberarekin joan zen Angersen aurka jokatzera, hau da, Endika Diezekin, Hampus Soderlundekin eta Daniel Palaciosekin; baina ezin izan zuten aurrean izan zituzten Parson, Geraldo eta Lundqvistekin.
Endika Diezek Perssonen aurka hasi zuen neurketa, bi aldiz aurretik jarri zen talde irundarreko jokalaria, baina azken setean Perssonek lehen puntua Angersi eman zion. Ondoren, Soderlunden txanda iritsi zen eta neurketa berdindu zuen. 1-3 irabazi zuen suediarrak eta talde frantziarrari argi eta garbi utzi zion Lakaenea irabazteko asko sufritu beharko zutela. Danik ordea Lundqvisten aurka galdu zuen eta berriro ere etxeko taldea 2-1 aurretik jarri zen markagailuan. Berriro ere Hampusek berdinketa lortu zuen, baina berriro ere gutxigatik Endikak ezin izan zuen Geraldo garaitu eta beraz, 3-2 Angers TTk irabazi zuen norgehiagoka.
Atseden hartzeko denbora gutxi izango dute, izan ere, ostiralean etxetik kanpo ere Fakel Gazprom Orenburgen aurka arituko dira, multzoko liderra eta momentuz, jokorik galdu ez duena. Emakumezkoen taldea ere ostiralean arituko da, hauek ordea Sonia Etxazarreta Kirol Gunean jokatuko dute SKST STAVOIMPEXen aurka.