JAN CASTELLONEK IRABAZI DU IRUNEN HIRUGARREN ETAPA
2024/04/28
Louis Suttonek lortu du Bidasoa Itzuliko garaipen orokorra, Castellon beraren eta Haimar Etxeberriaren aitzinetikLouis Sutton izan da 2024ko Bidasoa Itzuliko 50. edizioaren irabazlea. Gaurko ihesaldi onean sartu da AVC Aix-en-provence taldeko txirrindularia eta honekin itzuliko garaipena ere eskuratu du. Podiumean Jan Castellon (Caja Rural), gaurko etapako irabazlea, eta Haimar Etxeberria (Finisher) izan ditu lagun. Ohiko hirugarren eta azken etapa izan du gaur Bidasoa Itzuliak. Irunen izan du irteera eta helmuga eta tropelak 99,2 kilometro osatu dituzte guztira, tartean bost mendateekin. Hasi eta berehala, Hondarribiara joan dira txirrindulariak eta Guadalupera igan dira. Hiru eguneko nekea nabaria zen lasterkarien hanketan eta segidan hasi da tropela xehetzen. Sei txirrindularik hartu dute 26 segunduko aldea tropelarekin (Cara Ruraleko Aimar Erostarbe eta Daniel Cepa, AVCeko Jeemie La Gfrenade, Bassoko Wies Venrdok eta Cortizoko Marc Cabedo), Guadalupetik bueltan Hondarribian zegoen tarteko helmugako saria hartzeko. Puntuak hartu dituztenak Verdonk, Cepa eta Cabedo izan dira, hurrenez hurren. Aitzinera segitu dute ihesi egin duten sei lasterkarik eta, Gaintxurizketara bidean, bertze lauk egin dute bat beraiekin. 15 segunduko gehienezko tartea lortu dute, baina segidan egin dute bat tropelarekin. Arkale igotzen hasi dira orduan, eguneko bigarren mailako lehen mendatea. Bertze taldetxo batek egin du saiakera eta mendiko sariko puntuak eraman dituzte Arkale goian. Cortizoko Samuel Florezek, Caja Ruraleko Lucas Towersek eta Gomurreko Maxime Diribarnek. Hiru hauek aitzinera segitu dute eta Oiartzun bidean 10 segunduko tartea ireki dute tropelarekin. Talde nagusian Laboralek, liderraren taldeak, ezarri du erritmoa. Aritxulegi igotzen hastean, Gfrenade saiatu da iheslariak harrapatzen eta kilometro batzuk egin ditu bakardadean. Hala ere, iheslariek 52 segunduko gehienezko tartea zutenean, tropelak gibeletik zihoan txirrindulari hau irentsi dute. Erritmoa bizitu eta 33 segundura murriztu dute aldea. Bertze bortz lasterkerik ihes egin dute tropeletik iheslarien bila: Caja Ruraleko Pablo Lospitao, Finisherreko Ibai Azanza, Telcomeko Alejandro Granados eta Cortizoko Alejandro Paz eta Marc Cabedo. Aitzinera segitu dute eta azkenik, bat egin dute lehen taldean zeuden bertze hiruekin. Zortziak elkarrekin heldu dira Aritxulegira, tropelarekiko 30 segunduko aldearekin. Diribarnek bildu ditu mendiko puntu gehienak bertan, Florez, Towers eta Granadosen aitzinetik. Iheslarien taldea xehetu egin da Endara auzoan eta ihesaldi berri bat sortu da dagoeneko protagonistak izan diren zenbait txirrindulariekin: Towers, Diribarne, Granados, Florez, Paz eta Cabedo. Haien gibeletik, Finisher taldeko Daniel Criado eta Cortizoko Marc Torres joan dira, iheslariak harrapatzeko helburuarekin eta Agiñara bidean, helburua lortu dute. Zortziak elkarrekin joan dira ihesi, eta horrela igo dira Agiñara, tropelarekin 30 segundu edukita. Agiñako puntuak berriz ere, Diribarnek, Florezek, Towersek eta Granadosek irabazi dituzte, hurrenez hurren.Lesakara bidean, abiadura handian joan dira lehen txirrindulariak malda behiti, eta minutu bat baino gehiagoko tartearekin pasatu dira herritik. Berara bidean berriz ere behera egin du aldeak, tropelak ezarritako erritmoagatik, eta San Martzial igotzerakoan, 10 segunduko tartea zuten. Torresek soilik mantendu du nagusitasuna lasterketa buruan, eta eguneko laugarren mendatean bakarrik joaten saiatu da. Lehen postuan heldu da San Martzialgo gainera, Diribarne, Florez eta Towersen aitzinetik. Gibelean, tropelean, Aitor Agirre liderra erori da eta bizikleta aldatu behar izan du, tropelarekin bat egin baino lehen. Hala ere, honek maillota galtzea eragin dio. Eguneko azken medatea, Erlaitz, denak elkarrekin hasi dute, baina erasoak segidan ailegatu dira. Jan Castellon (Caja Rural), Louis Sutton (AVC) eta Hugo de la Calle (Cortizo) joan dira aitzinetik, eta Haimar Etxeberriak gibeletik segitu die zazpi txirrindularik osatutako taldetxoan. Erritmoa bizitzen hasi dira lehen hiruak eta De la Calle berak bere burua gibelera utzi du, bertze bien eta jarraitzaileen artean geldituta. Mugimendu hauek erabaki dute eguneko garaipena, baita Itzuli osoarena ere. Castellonek eta Suttonek indarrez egin dute azken igoera, baita jeitsiera ere, eta poliki-poliki handitzen joan dira bai De la Callerekin, bai Etxeberriaren taldearekin zuten aldea. Jeitsieran, jarraitzaileen taldea desegin da eta Etxeberriak berak erritmoa ezarri du lehen biekin tartea murriztu nahiean. Ez da posible izan, inorrek ez dio pedalei eragiteari utzi eta tartea 1:36ra handitu da Irunera sartzerakoan, helmugara bidean. Horrela, bertze urte batez, Erlaitzeko igoerak erabaki du Bidasoa Itzuliko garaipena. Irungo helmugan, Castellonek altxa ditu besoak eta, aldi berean, bigarren postuan ailegatu den Suttonek sailkapen orokorreko garaipena ospatu du. De la Calle izan da hirugarren, etaparen podiuma osatu duena. Etxeberriak bukaera arte borrokatu du sailkapen orokorrean sartzea eta lortu ere, segundu bakarragatik hirugarren postuan sailkatu da irundarra. 50. edizioko maillot guztiak banatuta2024ko Bidasoa Itzulia bukatu da hiru egunen ondotik. Louis Suttonek (AVC), Jan Castellonek (Caja Rural) eta Haimar Etxeberriak (Finisher) osatu dute 50. edizioko podiuma. Azken honek erregulartasunaren maillota eraman du, baita lehen euskaldun, gipuzkoar eta bidasotarrarena ere. Mendiko sailkapeneko irabazlea Maxime Diribarne (Gomur) izan da, gaur lanean ederki ibili ondotik. Tarteko helmugetako onena berriz, Wies Verdonk (Basso Team Flanders) izan da eta AVC AIX-en-Provence Bidasoa Itzuliko talderik onena. Azkenik, gazteenaren maillota Samuel Novaken (Polti Kometa) eraman du eta lehen atzerritarraren saria Sutton garaileak.