JAIZUBIA HIPIKA KLUBAK I. ANAGAN KOPA OSPATUKO DU ASTEBURUAN
Probak Irungo klubeko 30 zaldizko eta kanpoko 170 hartzea aurreikusi dute
Jaizubia Hipika Klubak 2023ko Zaldi-jauzien I. Anagan Kopa antolatu du maiatzaren 20 eta 21ean Irungo instalakuntzetan. Igandean Sari Nagusia ospatuko da, baina larunbatean ere jauziak ikusteko aukera egonen da.
Maiatzaren 20an eta 21ean Zaldi-jauzien I. Anagan Kopa ospatuko dute Irungo Jaizubia Hipika Klubean. Bertako klubak antolatuta, Euskadiko Hipika Federazioaren eta Heras, Zizur eta Mungiako kluben laguntzarekin, 6.000 euroko sariak banatuko direla iragarri dute.
Klubeko ordezkariek adierazi dutenez, probak Irungo klubeko 30 zaldizko eta kanpoko 170 partehartzaile hartuko ditu, tartean Kevin Gonzalez de Zarate (Espainiako Hipika Federazioaren 2023ko rankingean 2. postuan dagoena), Ruben Gomez, Xabier Zabaleta edo Peio Elorduy zaldizko profesionalak egongo dira. Hauez gain, Europako Txapelketarako prestatzen ari den Nazioen Kopan parte hartzeko hautatuak izan diren adingabeak ere, hala nola, Nora Garcia, Uxue Arruza edo Erik Hernani.
Guztira, 200 irteera baino gehiago izanen dira Euskal Herri osotik, baita Errioxa eta Kantabriatik ere. Lehen mailako kirolariez gain, promesek ere parte hartuko dutela erran dute eta txikienek lehiatzeko aukera ere izanen dutela.
Larunbatean, goizeko 9:30ean hasiko da lehiaketa eta igandean berriz, 10:00etan. Jauziak altuera desberdinekoak izanen dira: metro erditik metro eta erdira joanen direnak. Klubeko ordezkariek gaineratu dutenez, partehartzaileen etorrera errazteko, autoentzako aparkalekuak jarriko dira Txingudi Ikastolan, ikastolaren aitzineko zelaian, baita Urdanibia Jauregiaren inguruan ere.