JACOBO CUETARAK 2024 ARTE LUZATU DU KONTRATUA

2021/12/10
JACOBO CUETARAK 2024 ARTE LUZATU DU KONTRATUA

Bidasoako entrenatzaileak taldearekin duen kontratua beste bi urtez berritu du

Jacobo Cuetarari, Bidasoako entrenatzaileari, aurtengo denboraldian amaitzen zitzaion orain arte taldearekin sinatuta zuen kontratua, baina klubeko presidente Gurutz Aginagaldek eta Cuetarak berak jakinarazi zutenez, 2024 urtera arte luzatu dute beraien arteko hitzarmena.

Bidasoako presidenteak aitortu zuen moduan, “zalantzarik gabe, berri oso ona da. Argi geneukan bi aldeen helburua hori zela, eta oso erraz iritsi ginen akordio batera. Klubetik ere argi geneukan oinarria bera zela eta hemen egon behar zuen lehenengo pertsona zela. Zentzu horretan poztu bertzerik ez daukagu”.

Jacobo Cuetara ere pozik azaldu zen kontratuaren luzapenarekin: “Pozik eta ilusioarekin nago. Denboraldi asko daramatzagu eta talde polita eraikitzea lortu dugu. Taldearekin disfrutatzen jarraitu behar dugu eta gainera, kluba hazten ikusteko erronka dugu. Itxaropena dugu etorkizunean eta uste dut asko dugula emateko oraindik. Ez dut zalantzarik izan kontratua berritzeko orduan”.

Bidasoaren hurrengo hitzordua

Behin martxa hartuta, irundarrek hitzordu pila izango dituzte hurrengo asteetan, eta bihar bertan hasiko dira lehendabizikoarekin. Hau Sacyr Asobal Ligako hamabostgarren jardunaldia izango da, eta Benidorm taldearen aurka arituko dira.

Gaur goizean abiatu dira Benidorm aldera, hain zuzen ere, eta Jacobo Cuetara entrenatzaileak norgehiagokaren aurreikuspena egin du: “Partidu garrantzitsu bat dugu aurretik, baita arerio zail bat ere. Benidorm oso ondo jokatzen ari da azken aldian eta maila altua ematen ari da. Gainera, emaitza oso onak izan ditu talde nabarmenen kontra”.

Neurketa beraz, bihar izango da, larunbatean, arratsaldeko 18etatik aurrera. 


(Argazkia: Eduardo Agreda)