JACOBO CUETARA: “TALDEAZ HARROEN NAGOEN DENBORALDIA DA”
Bidasoak denboraldiari bukaera emango dio igandean Artalekun, Benidormen kontra jokatuko duen jardunaldiarekin
Bidasoak, igande honetan, Sacyr Asobal Ligako azken jardunaldia jokatuko du Artalekun. Benidorm jaso beharko dute Jacobo Cuetararen mutilek eta lesioengatik eta nekearengatik baldintzatuta badaude ere, borrokatzera aterako dira kantxara azken txanpa honetan. Neurketa arratsaldeko 17:00etan izango da.
Jacobo Cuetara entrenatzaileak gaur goizeko prentsaurrekoan adierazi duenez, “guretzat interes handiko partidu bat izango da igandekoa. Lehiakorrak izan behar gara garaipena eskuratzeko eta sailkapeneko bigarren postuagatik borrokatzeko. Gainera, etxean jokatuko dugu eta gure helburua sentsazio onekin amaitzea izango da, ahalik eta puntu gehien batzearekin batera. Zenbait jokalari ere agurtuko ditugu zaleekin. Amaitu arte gure maximoa emango dugu”.
Azken neurketa hau Artalekun jokatzea berezia izango da, bai taldearentzat eta baita zaleentzat ere. Prestatzaileak ez du zalantzarik “Artaleku handi bat” ikusiko dela igandean. “Zaleek taldea babestuko dute, beti egiten duten moduan. Eskubaloiaz eta ikuskizunaz disfrutatuko dute eta Bidasoa animatuko dute garaipena eskura dezan”, gaineratu du.
Taldea gogoz dago denboraldiari amaiera emateko, “luze” egiten ari baitzaie, Cuetarak berak onartu duen moduan. Asturiarraren hitzetan, “inoiz izan dudan denboraldirik zailena izan da hau, partidu kopuruagatik eta atzerapenengatik. Hala ere, taldeaz harroen nagoen urtea da. Bigarren edo hirugarren postuan sailkatuta ere, zailtasun asko izan ditugu denboraldian zehar, baina hor egon gara txapelketa guztietan eta bigarren postuarengatik borrokan”.
Denboraldia borobiltzeko beraz, azken jardunaldi hau Artaleku bete batean jokatzea espero du Bidasoak. Bertan izango dira etxeko taldea eta Benidorm aurrez aurre, igandean, arratsaldeko 17:00etan.