JACOBO CUETARA: «TALDEA FISIKOKI ONGI DAGO ETA SENDO»

2023/04/07
JACOBO CUETARA: «TALDEA FISIKOKI ONGI DAGO ETA SENDO»

Bidasoak aste honetako hirugarren partidua jokatuko du bihar (apirilaren 8an) Cisne taldearen kontra

Bidasoak bertze hitzordu bat izanen du bihar (apirilaren 8an) 17:00etatik aitzinera. Artalekun jasoko du Cisne taldea, sei egunetan izan duen hirugarren partidua jokatzeko. Dagoeneko lau puntu gehitu ditu talde irundarrak sailkapenera eta bertze bi batzeko ere prest dago taldea.

Sailkapeneko azken postuan kokaturik dagoen taldea jasoko du bihar Bidasoak Artalekun, Cisne galiziarra zehazki. Nahiz eta jeitsiera postuan egon, "partida tranpa” izan daitekeela erran du Borja Buguete bigarren entrenatzaileak. Horretarako, “neurketa on bat” egin behar du etxeko taldeak, Jacobo Cuetararen iritziz, “kontzentratuta egon eta mailarik onena eman”.

Bi puntu garrantzitsu egonen dira jokoan bihar, denboraldiko azken heren honetan erabakigarriak izan daitezkeenak. Bidasoak partidua irabazten badu, sei egunetan sei puntu gehiago batuko ditu sailkapenera eta postu onean kokatuko da. Cuetararen hitzetan, hori lortzeko prest daude irundarrak: “Nekea nabaria da, baina fisikoki ongi gaude. Taldek sendotasuna erakutsi du azken partiduetan eta freskotasun hori oso garrantzitsua izanen da azken zati honetan”.

Entrenatzaileak Mitic berreskuratzeko aukera dagoela ere aipatu du prentsaurrekoan, baina oraindik ere gaurko entrenamenduaren zain egonen dira deialdia osatzeko. Ez direnak kantxaratuko Jon Azkue eta Tao Gey-Emparan dira. Bi jokalariek min hartu zuten azken bi neurketetan. Egoera honekin, Jacobo Cuetarak Artalekuren babesa beharrezkoa dutela ere onartu du, zaleen berotasuna alegia.