JACOBO CUETARA: “PARTIDU BEREZIA DA, BAINA GARRANTZITSUENA LIGAKO BIGARREN POSTUA MANTENTZEA IZANEN DA”

2024/02/07
JACOBO CUETARA: “PARTIDU BEREZIA DA, BAINA GARRANTZITSUENA LIGAKO BIGARREN POSTUA MANTENTZEA IZANEN DA”

Bidasoak Torrelavega jasoko du ortzirale honetan, otsailaren 9an, Artalekun

Bidasoak Artalekun jokatuko du ortzirale honetan, otsailaren 9an, Torrelavegaren kontra. Etxean jokatzen duen urteko lehen partidua izanen da, denboraldiko bigarren itzuliko bigarren jardunaldia alegia. 21:30ean hasiko da partidua eta Jacobo Cuetara entrenatzaileak aipatu duenez, “partidu berezia izanen da”.

Jacobo Cuetara entrenatzaileak aitzinean izanen du ortzirale honetan, heldu den denboraldian bere taldea izanen dena. Horregatik beragatik, “partidu berezia” izanen dela erran du, nahiz eta Bidasoak bere helburua garbi duen eta “Ligako bigarren postua mantentzea” begiz jota izanen duen.

Heldu diren asteburuak gakoak izan daitezke talde irundarrarentzat, txapeldunorde bilakatzeko lehiarako. Cuetarak “Liga denboraldiko azken herenean erabakitzen dela” jakinarazi badu ere, aurten Bidasoak lehenagotik segurtatu dezake bigarren postua. Hala ere, aurkari zailak gainditu beharko ditu horretarako, lehena Torrelavega.

Ortzirale honetako aurkaria “gogorra” izan daitekeela adierazi du entrenatzaileak. “Taldea ongi lehiatzen ari da, emaitza onak biltzen ari da, eta hemen garaipena eskura dezake”, gaineratu du. Talde oso erasokorra dela ere aipatu du: “Ongi erasotzen du eta partzial azkarrak egiteko gai da, korri asko egiten dutelako”. Horregatik beragatik, kontuz ibili beharko dira Bidasoako jokalariak eta konzentratuta atera beharko dira kantxara.

Bidasoak jokalari gehienak prest izanen ditu ortziralerako, baina zalantza izanen dira Rodrigo Salinas, Dariel Garcia eta Pedro Pachecho. Azken honek ziur aski ezingo du jokatu. 

(Argazkia: Luis Palomeque)