JACOBO CUETARA: “LASAITASUNA MANTENDU BEHAR DUGU ETA GUGAN PENTSATU”
Bidasoak gaur jokatuko du EHF-ko Bigarren Kanporaketako itzulerako neurketa Kolstad talde norbegiarraren kontra
Bidasoa Irunek gaur hitzordu garrantzitsua izanen du Norvegiako Kolstad Arena kantxan. Izan ere, arratsaldeko 18:45etik aitzinera, Kolstad Håndball taldearen kontra jokatuko du EHF-ko Bigarren Kanporaketako itzulerako neurketa. Talde irundarrak hiru goleko abantailarekin hasiko du aurrez aurrekoa.
Jacobo Cuetarak adierazi duenez, “lanaren erdia egin dugu eta pozik gaude. Hala ere, aurrean aurkari handi bat izanen dugula badakigu, bere kantxan gainera”. Aurreko astean Artalekun jokatu zuten bi taldeek joaneko partida eta hori erreferentzia gisa hartu badaiteke ere, neurketaren norabidea alda daitekeela ere aipatu du entrenatzaileak: “Ikusi behar dugu ea baliagarria den Artalekun jokatutako partiduaren erreferentzia. Beraien etxean indar gehiago izan dezakete, baina puntu bat gutxiago ere erakus dezakete aurreko asteko neurketaren ondotik”.
Bidasoari begira, Cuetarak jakinarazi du taldea “ongi” dagoela eta “lehiatzeko aukera” dagoela: “Zauriturik egon diren jokalariak ditugu, baita taldean bere lekua hartu behar dutenak ere. Hauek guztiek denbora beharko dute, baina talde moduan hobetzen ari garela uste dut. Jokalaria garrantzitsuak erritmoa hartzen ari dira eta lehiakorrak izan gaitezke”.
Bidasotarrek “neurketa borobila” egin nahi dute, prestatzailearen hitzetan, eta “bukaerara arte aukerak eduki”. Horretarako gakoa “gure maila ematea” izanen da: “Lasaitasunarekin eta pazientziaren lehiatu behar dugu. 60 minutu dira eta aldaketa asko egon daitezke. Lasaitasuna mantendu behar dugu eta gugan pentsatu”. Jon Azkue kapitainak ere garrantzitsuena “beraien akzio zuzen guztiak gelditzea” izanen dela erran du, “beraien jokoa ahalik eta gehien luzatzeko” helburuarekin.
Kolstad eta Bidasoaren arteko EHF-ko Bigarren Kanporaketako itzulerako neurketa hau beraz, gaur ospatuko da Kolstad Arena kantxan, arratsaldeko 18:45etik aitzinera. Zuzenean ikusteko aukera ere izanen da internet bidez eitb.eus atarian, baita Txingudi Radio-n ere.