JACOBO CUETARA: “KIROL IKUSKIZUN HANDIA IZANEN DA ETA HARRO GAUDE PROTAGONISTAK IZANEN GARELAKO”
Bidasoa Irunek, ASOBAL Ligako bertze hiru talde onenekin batera, Espainiako Kopa jokatuko du asteburuan bere etxean
Espainiako Eskubaloi Federazioak antolatuta, Espainiako Kopa jokatuko da asteburu honetan Artalekun. Lehen itzuliaren ondotik, Plenitude ASOBAL Ligako lehen lau talde sailkatuek jokatuko dute eta tartean, etxekoak. Bidasoa Irun, Barça, Granollers eta Logroñorekin batera, Kopako txapelduna izateagatik borrokan egonen da abenduaren 16an eta 17an.
Bidasoarentzat berezia izanen da lehen aldiz Espainiako Kopa izendatu duten txapelketa hau. Artalekun jokatuko da eta beraz, irundarrek etxeko zaleak izanen dituzte harmailetan babesa emateko. Jacobo Cuetara entrenatzaileak aipatu duenez, “oso berezia izanen da. Alde batetik, gure merituengatik hemen egotea lortu dugulako. Bertze aldetik, etxean jokatzen dugulako. Bi egoera horiek ez dira beti ematen eta beraz, hemen egoteak duen garrantzia azpimarratu behar dugu”. Irunen “pasioz bizitzen da eskubaloia” eta horregatik beragatik, Cuetarak argi du asteburukoa “kirol ikuskizuna handia izanen dela eta harro gaude bertan protagonistak izateagatik”.
Azken bost urteetan Kopako hiru final jokatuko ditu Bidasoak eta horietan lortutako esperientzia aprobetxatuko duela ziurtatu du prestatzaileak: “Jokalari batzuk Lleidako finala jokatu zuten, bertze batzuk Valladolidekoa eta gehienek Zaragozakoa. Finala jokatzea ez da erraza, eskubaloiaren historiara pasatzea da, eta bertan lortutako esperientzia lehiakorrak izateko baliagarria izatea espero dugu. Txapelketa hau berezia da, Ligan egindakoak ez du balio, soilik momentuak balio du”.
Orain arte egindakoak balio ez badu ere, lehen itzuli izugarria egin du Bidasoak eta horrek motibazioa ematen dio taldeari, aitzinera begira, erronka guztiak gainditzeko. Hala ere, ASOBAL Ligako txapeldunorde izatea pisutsu izan daitekeela ere erran du Cuetarak: “Egindako lehen itzuliak pisua izan dezake, baina baita gure zaleen animoek ere. Ez gara kexatuko. Oso kontent gaude eta esperientzia ahaztezina izanen da asteburukoa, emaitza edozein izanda ere. Disfrutatzea lortu behar dugu, hemen egotea irabazi dugulako eta gure zaleen aitzinean jokatuko dugulako. Hortik aparte, ahalik eta lehiakorren izaten saiatuko gara”.
Logroñoren kontrako finalaurrekoa
Bidasoaren lehen aurkaria Espainiako Kopan Logroño izanen da. Finalaurrekoan aurrez aurre egonen dira bi taldeak, finalerako txartela lortzeko helburuarekin. Abenduaren 16an, larunbatean, arratsaldeko 17:00etan hasiko da lehen hitzordu hau. Errioxarrak zazpi jardunaldi segidan irabazi dituzte eta “momentu onean daudela” adierazi du Jacobo Cuetarak. “Aurkari zaila izanen da. Erasoan ongi ibiltzen da, ideiak garbi ditu eta ongi landu tako taldea da”, gaineratu du.
Finalarekin amets egin baino lehen, neurketa hau gainditu beharko dute horiek eta emaitza edozein izanda ere, gogoz aterako dira kantxara bihar. Euren ondotik, Barçak eta Granollersek elkarren kontrako bigarren finalaurrekoa jokatuko dute, 19:30ean. Igandean berriz, abenduaren 17an, final handia jokatuko da, 21:00etan.