Jacobo Cuétara hautatu du Bidasoak
Bidasoa-Irun taldeko aulkian Fernando Bolea ordezkatuko du Jacobo Cuétara entrenatzaileak. 36 urteko asturiarra da, Ribadesellan jaioa. Prestatzaile fisiko, bigarren entrenatzaile eta harrobiaren arduradun izan da Leongo Ademarren. Bertan, egungo Espainiako hautatzaile den Manolo Cadenasen, Jordi Ribera Brasilgo selekzionatzailearen eta Espainiako gazteen selekzioko arduradun Isidoro Martinezen ondoan lan egin zuen.
Azken hiru denboraldietan, Villa de Aranda taldea zuzendu du Asobal Ligan. Europa mailan lehiatzeko txartela lortzeko zorian izan da aurten, Burgosko taldearekin. “Ilusio handia sortu dit proiektuak, klubaren historia handiagatik, zalegoagatik, eta Bidasoak eskaintzen dizkidan aukerengatik”, adierazi du Cuétarak. Kirol zuzendaritzarekin batera, Asobal Ligan lehiatuko den taldea osatzeko lana izango du asturiarrak datozen asteetan.