JACOBO CUETARA: “GURE JOKOAN ETA ONGI EGITEN DAKIGUN GAUZETAN OINARRITUKO GARA”

2022/09/30
JACOBO CUETARA: “GURE JOKOAN ETA ONGI EGITEN DAKIGUN GAUZETAN OINARRITUKO GARA”

Bidasoa Barcelonaren aurka arituko da larunbat honetan, Palau Blaugranan, arratsaldeko 16:15ean

Bidasoak bertze neurketa zail bat izanen du asteburu honetan. Denboraldiko bostgarren partidua jokatuko du bihar, urriak 1, eta talderik onena bisitatu beharko du oraingoan. Izan ere, Barcelonaren kontra aritzea egokituko zaio asteburu honetan talde irundarrari, Palau Blaugranan. Partidua arratsaldeko 16:15ean ospatuko da.

Jacobo Cuetarak Barcelonaren aurkako neurketari “betiko moduan, ilusioz” aurre eginen diotela aurreratu du gaur goizeko prentsaurrekoan. Bidasoarentzat biharko partidua “maila goreneko azterketa bat” izanen da. “Bihar aurkituko dugun zailtasuna ez dugu inon ere edukiko”, aitortu du entrenatzaileak. Izan ere, bere iritziz, kataluniarrak “momentu onean daude, ondo lehiatzen ari dira eta taldea oso osatua dago”. Horrela, asteburuko norgehiagoka azterketa baten moduan hartuko dutela jakinarazi du Cuetarak, “hazteko eta hobetzeko” baliagarria izanen dena.

Europako Txapelketako bi neurketa garrantzitsuren artean kokatzen da Barcelonaren kontrakoa, datorren asteartean Kolstaden kontra itzulerako partidua ospatuko baitute. “Egutegiak ez digu babesik ematen Europako Txapelketan parte hartzen dugun taldeei”, onartu du Cuetarak. Hala ere, betiko moduan, Bidasoak bere mailarik onena emateko asmoz aterako da kantxara. Nahiz eta kataluniarren aurka aritzeak talde irundarrari “asko exijitu” eta horrek “jokoa aldatzera” behartu, “gure jokoan eta ongi egiten dakigun gauzetan oinarrituko gara bihar”, azpimarratu du asturiarrak, “hanka-sartzeak” ekiditeko asmoarekin.