JACOBO CUETARA: “GURE ERRENDIMENDUAREN ETA ZALEEN ARTEKO ELKARTASUNAK FRUITUAK EMAN BEHAR DITU”
Aste lanpetu bati bukaera emateko, Bidasoa Irunek Blendio Sinfin taldea jasoko du bihar, apirilaren 13an, Artalekun
Aste gogorra izan du Bidasoa Irunek oraingo honetan. Pasa den igandean, Granollersen kontrako partiduan berdinketa eskuratuta, Errege Kopako hirugarren kanporaketa jokatu zuen bi egun geroago, astearte arratsaldean. Fundacion Agustinos Alicante gaindituta, txapelketa horretako azken fasean sartuta dago taldea. Hala ere, aste lanpetu honi bukaera emateko, Plenitude ASOBAL Ligako helburuei eutsi beharko die asteburuan. Bihar, apirilaren 13an, Blendio Sinfin jasoko du talde irundarrak etxean, Artalekun, 16:00etan.
“Jokalariek karga handia izan dute eta nekatuak daude”, Jacobo Cuetarak argitu du gaur goizeko prentsaurrekoan. Aste gogorra izan dute, Plenitude ASOBAL Ligako ohiko jardunaldiarekin eta Errege Kopako kanporaketarekin. Bietan arrakastarekin bukatuta, orain Ligarekin segitu eta Blendio Sinfin jasoko dute bihar Artalekun. Edonola ere, jardunaldi berri honetan, “eskubaloi ona” egitea izanen da helburua.
Faboritoak dira irundarrak Sinfinen aitzinean eta etxean jokatzea ere abantaila dela onartu du Cuetarak: “Faboritoak gara eta etxean ari gara, hori da garrantzitsuena. Nagusi izan behar gara eta neurketak ihes ez egitea lortu. Etxean ditugun neurketan gakoak izanen dira sailkapeneko bigarren postura begira”. Hala ere, biharko jardunaldia zaila izan daitekeela ere azpimarratu du entrenatzaileak: “Faboritoak gara baino horrelakoetan ere galdu izan dugu. Gainera, zaila izan daiteke nekatuak gaudelako”.
Horregatik beragatik, dei berezi bat egin die prestatzaileak zaleei: “Zaleei laguntza eskatuko diegu. Gu bultzatzea, betiko moduan. Gure errendimenduaren eta zaleen babesaren arteko elkarlanak fruituak eman dezake eta horrela, garaipena eskuratu dezakegu”.
Blendio Sinfin sailkapeneko azken postuetan dago eta hurbiletik begiratzen du jeitsiera. Hala ere, “presiorik gabe” joka dezakela ohartarazi du Cuetarak, batez ere “partiduan zehar aukerak badituela ikusten badu”. Horren aitzinean, “joko ona” erakutsi eta “sendoak” izan behar dira etxeko jokalariak.
Aste lanpetuaren ondotik, ordea, ezin izanen dira denak kantxan egon. Jakub Skrzyniarz atezaina “hagitz zaila” izanen du bertan egotea, eta Julen Mujika ez da deialdian sartuko. Pedro Pacheco, Tao Gey-Emparan eta Mikel Zabala berriz, zalantza izanen dira azken momentura arte.
(Argazkia: Arrate Morales)