JACOBO CUETARA: “ERRONKA ZAIL BATEKIN HASIKO GARA BERRIZ”

2022/10/21
JACOBO CUETARA: “ERRONKA ZAIL BATEKIN HASIKO GARA BERRIZ”

Bidasoak Logroño bisitatuko du bihar atsedenaldiren ondotik

Atsedenaldiaren ondotik eta nazioarteko jokalariak bueltan, Bidasoak ASOBAL Ligari jarraipena emanen dio asteburu honetan. Hain zuzen ere, Logroñori bisita egin beharko dio bihar, urriak 22, gaueko 21:00etan. Neurketa zaila izango da, baina taldea gogoz dago berriz ere lehiatzen egoteagatik.

Jacobo Cuetarak aipatu duen moduan, “lehiaketara bueltatzeko gogoz gaude beti”. Taldekide asko nazioarteko selekzioekin egon dira orain arte neurketak jokatzen, eta orain ikusi behar “ea nola bueltatzen garen Ligako atsedenalditik”, entrenatzaileak erran duenez. Aurreko asteko Euskal Kopako partidak eta nazioartekoek jokatu dituztenak ere, lagungarriak izan daitezke lehiaketako erritmoa ez galtzeko, baina hala ere, “beti zeozer galtzen” dela jakinarazi du Cuetarak. Batez ere, “taldeak zuen elkar ulertzea galtzen da horrelakoetan”, gaineratu du.

Bidasoako jokalariek kantxan duten adostasuna ez dela galdu ziurtatzeko balioko du biharko neurketak. Edonola ere, aurkari zail bat izanen dute aitzinean eta horrek gogortasuna gaineratuko dio partidari. “Logroño oso aurkari zuzena izaten da eta zailtasun handia du. Lehiaketa erronka zail batekin hasiko dugu berriz ere”, adierazi du prestatzaileak.